PKK-k Hego Kurdistanen dituen hirurogei guneri eraso die Turkiak

Kurdistango Langileen Arderdiak asteazkenean Turkiako soldaduen aurka egindako erasoari erantzun dio armadak

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Turkiako armadak PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eraso dio Iraken menpeko Kurdistanen. Hamabost gerra hegazkinek alderdiak Hego Kurdistanen zuen kanpalekua bonbardatu zuten atzo; 60 jomuga, hain zuzen. PKK alderdiko iturrien arabera, bonbardaketa oso modu bortitzean hasi zen, 21:00etan, baina ez dago hildakorik PKK-ko en artean.

Hakurk, Avasin-Basyan, Zap eta Metinako inguruak bonbardatu zituen armadak, baita Kandil ere. Azken horretan PKK alderdiko buruzagi nagusiak biltzen dira, eta iazko uztailetik inguru horretan erasorik eduki gabe zeuden. Airez egindako erasoen aurretik, ordea, 168 jomugari eraso zieten, mugatik artilleria astuna jaurtiz. Armadako kideek adierazi dutenez, tentuz ibili ziren PKKko kideei bakarrik erasotzeko, euren helburua ez baitzen zibilen aurka egitea.

Azken asteetan istilu ugari izan dira Turkiako armadaren eta PKK alderdiaren artean. Asteazkenean, esaterako, PKK alderdiak jarritako mina batek hamabi soldadu turkiar hil zituen Hakkarin (Kurdistan). Hori dela eta, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak «terrorismoaren aurkabeste estrategia bat» hartuko zuela iragarri zuen. Eta ez du luzaroan itxaron. Ramadanak irauten duen hilabete sakratuan erasorik egingo ez zuela ziurtatu bazuen ere, pazientzia amaitu zaio. Hitz egiteko garaia amaitu dela dio, jokatzeko unea heldu dela. «Turkiako Indar Armatuek borrokan jarraituko dute talde terrorista separatista indargabetu arte. Irakeko hegoaldea oinarri gisa erabiltzen du Turkiari erasotzeko».

Erasoen jarraipena

Orain arteko ekintzak arrakastatsutzat jotzen ditu Turkiako armadak, eta «Irakeko iparraldea inguru segurua izan arte» bonbardaketekin jarraituko dutela ohartarazi dute. Kostako da bakea lortzea. Penaz hartu du Turkiako armadaren erantzuna Fatmagul Matur ekintzaileak. «Oso gertu zegoen amaiera, baina jendeak ez du soluziorik nahi; eroso daude gerran gaudela pentsatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.