PKK-ko ekintzaileen aurkako erasoa amaitutzat eman du Turkiak

Operazioa amaitu arren «terrorismoaren aurka» borrokan jarraituko dutela adierazi du Turkiako armadak

2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Turkiak soldaduak erretiratu ditu Kurdistan hegoaldeko Çucurka ingurutik, eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiko ekintzaileen aurkako erasoari amaiera eman dio horrela. Gerrillariek inguru hartan dituzten baseak suntsitzeko asmoz, 10.000 soldadutik gora bidali zituen Turkiak astelehenean, eta Irakeko muga zeharkatuta PKKren ekintzaileen aurkako borrokak hasi zituen. Ismet Yilmaz Turkiako Barne ministroak jakinarazi duenez, 49 gerrillari kurdu hil dira erasoetan —beste hainbat iturrik 64 hildako aipatzen dituzte—.

Turkiak Kurdistan hegoaldea indarrez hartzeko operazioari iragan abuztuan eman zion hasiera. Dena den, PKK-ko ekintzaileek urriaren 21ean egindako hilketek gogortu egin zuten Turkiaren jarrera; hain zuzen ere, 24 soldadu —PKKren arabera, ehun— hil zituzten gerrillariek Kurdistan eta Iraken arteko mugatik gertu dauden base militarretan. Ondorioz, hogei tanke eta 30 gerra kamioi bidali zituen Turkiak astelehenean, eta aire eta lur bidezko erasoari hasiera eman zion.

«Çucurka ibarreko operazioari amaiera eman diogu, baina terrorismoaren aurkako gure eguneroko borrokan ez dugu amore emango», azaldu du Yilmazek. Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek talde terroristatzat daukate PKK. Haren aurka Turkiako armadak aurrera daraman borrokan, 270 gerrillaritik gora hil dituzte azken hiru hilabeteetan, Turkiako iturri ofizialek aditzera eman dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.