Kurdistan

PKK-ko gerrillariak hasi dira Turkiako lurretatik erretiratzen

PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariak gaur hasi dira Turkiaren menpeko lurretatik Irak iparraldera erretiratzen. Apirilaren 25ean iragarri zuten gaur hasiko zutela erretiratzea, eta 'Firat.news' webguneak baieztatu du gerrillariak Turkiako lurrak uzten hasi direla.

Berria.info
2013ko maiatzaren 8a
13:04
Entzun

Zalaparta handirik gabe, PKK-ko gerrillariak Turkiaren menpeko lurretatik Irak iparraldeko mendietara erretiratzen hasi ziren atzo. BDP alderdi independentista kurduko presidente Selahatin Demirtasek jakinarazi du hiru edo lau hilabete beharko dituztela gerrillariek leku aldatzea egin eta eremu berrian instalatzeko.

Turkiako estatuari eta armadari, nolanahi ere, arduraz jokatzeko eskatu die PKK-k leku aldatzea egiten duen bitartean. Gerrilla kurduko zuzendaritza militarrak ere erretiratzea "modu ordenatuan eta aurrez antolatu gisan" egingo dela jakinarazi du, baina Turkiako armada herrialdearen hegoaldean egiten ari den maniobra militarrak "prozesuaren kaltegarri" izan daitezkeela ohartarazi du.

Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoak —1999tik preso eta espetxean bakartua—, BDP alderdiak eta Turkiako inteligentzia zerbitzuek izandako hartu-emanen ondorio da gerrilla kurduak gaur hasi duen erretiratzea, eta etorkizuneko bake negoziazioen bideragarri izan nahi du.

30 urteko jardun armatuaren ostean, PKK-k gatazkari konponbide bat emateko borondatea agertu zuen urte hasieran, eta, armak uzteko erabakirik hartu ez duen arren, su-eten bat eman eta Turkiatik erretiratuko zela jakinarazi zuen gero, bake negoziazioak errazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.