MUNDUA

PKK-ko indar armatuak Turkiatik erretiratzera deitu du Ocalanek

Newroz eguna ospatzen dute gaur mundu osoko kurduek, eta, egun horren karietara, Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagiak esan du gaurkoa ez dela "borrokaren amaiera, beste borroka eredu baten hasiera baizik". Murat Karayilan buruzagiak esan du Ocalanen eskaria beteko dutela.

jon olano
2013ko martxoaren 21a
19:03
Entzun

"Politikaren garaia da, ez armena". Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi presoak eskatu du PKKren indar armatuak Turkiatik erretiratzeko, eta nabarmendu du gaurko eguna ez dela "borrokaren amaiera, beste borroka eredu baten hasiera baizik". Armak "isildu" egin behar direla eta "pentsamenduek" hitz egin behar dutela adierazi du Ocalanek: "Pentsamendua, ideologia eta politika demokratikoak dira borrokaren oinarri berria".

Goizean hasi dira Newroz eguneko ospakizunekin, eta ehunka mila kurdu batu dira Ameden. BDPko diputatu Pervin Buldanek eta Sirri Sureyya Onderrek irakurri dute Ocalanen adierazpena, turkieraz eta kurdueraz. Urteetako borroka "garesti" ordaindu dutela oroitarazi du PKK-ko buruak, baina gaineratu du borroka hori ez dela "alferrik" izan. Azaldu du kurduek urteetako borrokaren bidez euren nortasuna eraiki dutela, baina "aro berri bat" zabaldu dela nabarmendu du: PKK-ko indar armatuak Turkiaren mendeko lurraldetik erretiratzera deitu du.

Herritarren batasuna eraikitzeko eskatu du, eta oroitarazi du borroka armatua "jazarpen oro" jasaten dutenen aldekoa izan dela, ez herritarren aurkakoa.

PKK Kurdistango Langileen Alderdiak 1984. urtean bide armatuari ekitea erabaki zuen, Turkian bizi diren hamabi milioi kurduen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko xedearekin. Geroztik, 45.000 hildako inguru izan dira. 1999. urtean, PKK-ko buruzagi Abdullah Ocalan atxilotu zuten, eta irla batean du preso Turkiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.