Turkiako Poliziak PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako operazioekin jarraitu du, eta gutxienez 50 pertsona atxilotu zituen atzo. Horien artean hainbat abokatu eta BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduko politikariak daude; halaber, Abdullah Ocalan PKKko buru historikoaren hiru legelari ere atxilo hartu dituzte. Erakundeetako ordezkariak, alderdiak, eragileak eta norbanakoak biltzen ditu KCK Kurdistango Herri Konfederazioak, eta estatuarekiko funtzionamendu paraleloa du. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak bertako ekintzaileen eta PKKko milizien arteko balizko lotura erabili du aitzakiatzat operazioak aurrera eramateko.
Auzipetatuta dauden ekintzaile kurduen aurkako ikerketa duela bi urte hasi zen. Azken urte erdian, baina, haien aurkako errepresioa areagotu egin du Turkiak. Kurdistango iturrien arabera, 500 lagun atxilotu dituzte ordutik, eta horietako 1.600 espetxeratu. Operaziorik handiena, baina, duela urtebete hasi zen, eta 151 politikari eta ekintzaile daude ordutik auzipeturik; epaiketak Diyarbakirren egin dituzte, baina ez dira amaitu. Geroztik, atxiloketa masiboak egiten jarraitu du Ankarak.
Turkiako fiskaltzaren aburuz, KCK-k harreman zuzena du PKKren adar armatuarekin, haren «kaleko egituratzat» baitu. Aldiz, Poliziako iturri batzuek kritikatu egin dute ziurtzat jotako lotura. «KCK fenomeno ezberdin bat da, eta estatuak ez du argi zer den; horregatik eraso dio. Dena den, haien aurkako operazioak eginez, kurduen mugimendu nazionalista erradikalizatzea baino ez dute lortuko», adierazi dute anonimo mantendu nahi izan dute iturriek.
Atxiloketez gain, duela hilabete Turkiak gogor bonbardatu zuen Kurdistan hegoaldea, eta soldaduak bidali zituen bertara. Kurduek 1990az geroztik egiten zuen eraso handienari erantzun zion horrela Ankarak. Hain zuzen, Turkiako 24 militar hil zituzten, eta gutxienez 100 zauritu.
Giza Eskubideen aldeko ekintzaile eta abokatu turkiar Eren Keskinenk, dena den, atxiloketen «zentzugabetasuna» salatu du. «Polizia operazioek Ankararen barne ezinegona erakutsi dute».
PKKrekin lotura dutelakoan, Turkiak gutxienez 50 politikari atxilotu ditu
KCK Kurdistango Herri Konfederazioaren aurkako operazioaren barnean egin ditu atxiloketak Ankarak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu