PKKren eta Turkiaren arteko ustezko negoziazioen grabazioa filtratu dute

Bideoa benetakoa den ez dute baieztatu, baina Ankarako informazio zerbitzuetako buruaren ahotsa identifikatu dute

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Turkiako Gobernua eta PKK Kurdistango Langileen Alderdia negoziatzen aritu dira, Interneten jarri duten grabazioa benetakoa bada. Kurduen aldeko hainbat webgunetan agertu eta desagertu da, baina sarean egon den denbora laburrean ez da oharkabean igaro, eta Recep Tayyp Erdoganen gobernuak kurduen inguruan duen politikaz eztabaida eragin du Turkian. Ez dute ukatu grabazioko ahotsetako bat Hakan Fidanena dela, gaur egungo MIT informazio zerbitzuetako buruarena, eta ustezko negoziazioetan Erdoganen ordezkari gisara ari dela esaten du grabazio horretan.

Elkarrizketa saioetan bosgarrena dela argitzen du ahotsetako batek; Fidanena, berriz, lehen aldia da. Harekin gobernuaren ordezkari Afet Gunes dago, eta kurduen izenean Mustafa Karasu, Sabit Ok eta Zubeyr Aydar ari dira. Bitartekari ingeles azentua duen norbait da, baina ez dute identifikatu. Oslon ari dira, baina hitzorduen eguna ez dago zehazterik. 2009aren amaieran eta 2010aren hasierakoa dela diote Turkiako komunikabide batzuek, eta beste batzuek 2010eko apirilaren eta maiatzaren artekoa dela. Turkiarrek agintzen duten «arazo txikientzako irtenbidea» ere ez da gertatu: garai gogorra da hau kurduentzat.

Gunesek dio hilabeteetan edo asko jota urtebete baino lehen Konstituzioan hainbat aldaketa egiten saiatuko direla Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagia askatzeko eta autonomia bideratzeko, besteak beste, eta kurduek, berriz, negozioazioak gehiegiez luzatzeko premia ageri dute. Turkiaren ordezkariak ekintzaileak tarte horretan geldirik egotea eskatzen ari dira hizketaldian.

Kanpora begira, ordea, iazko abuztuaren 13an aldarrikatu zuen su-etena PKK-k, eta bertan behera utzi zuela jakinarazi zuen aurtengo martxoaren 1ean, ez zutelako aurrera egin eta Ankarak kurduen kontrako erasoekin jarraitzen zuelako. Ocalan kartzelan dago oraindik.

Joan den asteartean agertu zen grabazioa, DIHA Dicle berri agentzian, Turkiako Gobernuak Iraken menpeko Kurdistanen erasoa prestatzen ari zela esan zuen une berean —Erdogan Egipton zen, palestinarrek estatua aldarrikatzeko eskubidea defendatzen—. Berri agentziako arduradunek kendu egin zuten grabazioa argitalpenaren berri izan bezain laster. Argitu behar izan dutenez, «hacker-en kontua izan da». Firat agentziak ere kaleratu zuen, eta atzera egin zuen ondoren, baina beranduegi: albistea hedatua zegoen, eta haren inguruko polemika ere bai.

Oposizioaren jarrera

Lehenik eta behin, grabazioa benetakoa den esateko eskatu dio oposizioak Erdoganen gobernuari, eta horrekin batera CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak negoziazioen nondik norakoak argitzeko eskatu du: «Beti ukatzen den horren atzean zer dagoen jakin nahi dute turkiarrek», esan du Kemal Kiliçdaroglu buruzagi karismatikoak, gobernuaren gardentasuna zalantzan jarriz. Ustezko hizketaldi sekretuen segurtasunik eza ere jarri du mahai gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.