Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako buruak (IAEA), Mohamed el Baradeik, Iranera bidaiatu zuen atzo. Azken asteetan hainbeste kritika eragin dituen uranioa aberasteko zentralak bultzatu du horretara. Dena dela, ez du Iranek nazioarteari horren berri eman gabe eraikitako planta bisitatuko. Horren ordez, Teherango agintariekin ikuskaritza lanak nola koordinatu eztabaidatzekoa zen atzo. 24 ordu eskaseko bidaian, Ali Akbar Salehi Irango Energia Atomikoaren Erakundeko zuzendariarekin zen elkartzekoa, baita herrialde horretan programa nuklearraz arduratzen diren beste zenbait ordezkarirekin ere. Lerro hauek idazterako orduan ez zuten elkarrizketa horietan esandakoen berri eman.
Kom hiri sakratutik gertu, muino baten azpian ari dira eraikitzen uranioa aberasteko planta. Zentralaren eraikitze lanak nazioarteari jakinarazi gabe hasi zituzten; horregatik, joan den irailaren 25ean, Barack Obama AEBetako presidenteak munduari ziria sartu nahi izatea leporatu zion Teherango Gobernuari. Iranek, baina, IAEA jakinaren gainean zegoela erantzun zion: Obamak agerraldia egin baino lau egun lehenago plantaren berri emanez gutun bat helarazi zion nazioarteko agentziari.
Haatik, El Baradeik Mendebaldearen salaketekin bat egin du. IAEAren zuzendariaren ustez, Iranek planta berria eraikitzeko lehen harria jarri baino lehenago jo behar zuen nazioartera, bere asmoen berri emateko. Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunak (NPT) jakinarazpena zentrala erregai atomikoz hornitu baino sei hilabete lehenago egitera behartzen duela erantzun dio, bere aldetik, Teheranek.
Bestalde, Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Gorenak hainbat hedabidek zabaldutakoa gezurtatu du. Joan den ostegunean nazioarteko negoziazioak egin zituzten Irango programa nuklearraren gainean; eta hainbat iturrik diote bilera horretan Iranek atzerrian uranioa aberasteko akordioa izenpetu zuela. Kontseiluaren arabera, baina, ez zen halakorik gertatu.
Planta nuklear berriaz hitz egiteko Iranera bidaiatu du El Baradeik
Seikotearekin atzerrian uranioa aberasteko akordioa hitzartu izana ukatu du Teheranek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu