Polarizatutako gizartea

Lau hautagairen artean aukeratu beharko dute gaur 46 milioi hauteslek, eta horietatik bat bakarra ere ez da hasiberria

Teheran
2009ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Mahmud Ahmadinejadek jatorrizko deiturari eutsi izan balio, gaur egun ez litzateke presidente izango agian. 1956an jaio zen, basamortuko herri txiki batean -Teherandik 90 kilometro hegoalderantz-. Saborhjian zuen deitura, zeinak harizpi pintore esan nahi baitu, Irango alfonbra manufaktura-industriako lanbiderik apalena. Baina Mahmudek urtebete zuelarik -zazpi senidetik laugarrena izaki-, aita hiriburura joan zen familia osoa hartuta. Horrek izen aldaketa ekarri zion, Ahmadinejad, egokiagoa, mahomet arrazakoa edo arraza bertutetsukoa esan nahi baitu.

Ahmadinejad familia Narmaken jarri zen bizitzen, hiriburuaren hegoaldeko langile auzo batean. Mahmud gaztearen hazileku izan ziren kale haietan, behe-erdi mailako auzo bat dago, eraikin grisek eta etxe txikiek osaturikoa. Plaza berde bat dute erdian, guztien topaleku, agintariaren etxea non dagoen zehatz-mehatz ageri duena. Ahmadinejadena da oraindik etxe hori. 2005era arte izan zuen bizileku, orduan aukeratu zuten presidente. Hala ere, eraikinaren sarrerako zaintzaileetako batek azaldu digunez, milaka gutun jaso ohi ditu han astero; Teherango alkate izan zelarik sustatu zuen ohitura hori. «Hamar eguneko epean erantzuten die guztiei», azaldu digu plazako jarleku baten jarrita dagoen agure batek. «Diru kontuei edo maileguei buruzkoak dira gehienak». Bizi guztian auzoan bizi izan dela eta presidentearen familia eta presidentea bera ongi ezagutzen dituela dio 78 urteko gizonak. «Pertsona ona da, atsegina, eta onura handiak ekarri dizkio auzoari, orain seguruagoa da», diosku. Horregatik guztiagatik, «eta joan den astean hemen izan zelako jendearekin berriketan», Ahmadinejadek bigarrengoz agintea eskuratu dezan bozkatuko du. Ez, ordea, haren bilobak -bozkatzerik balu-, hamabi urte eskas izanagatik, Mousaviren jarraitzaile porrokatua baita. «Nor libre da nahi duenari emateko botoa», dio ziur agureak, burlaizezko irribarre batez.

Iparra eta hegoa

Gizartean sorturiko egoeraren erakusgarri da agurearen familian duten zatiketa. Transbertsala bezain horizontala da polarizazio hori. Hala nola hiriburuaren iparraldeko aberaskumeen auzoetan Mir Hussein Mousavi da faboritoa; hegoaldeko aldiririk pobreenetan, aldiz, Ahmadinejad. Hala ere, Narmak auzoan, familia askotan dute desadostasuna. Plaza berean, emakume talde bat eztabaidan ari da haurrak eskolatik irten zain dauden bitartean. «Ahmadinejadi eman behar diogu botoa, munduak Iran errespetaraztea lortu baitu, eta inork eraso ez diezagun», dio ziur Iraken kontrako gerran martiri izan zen baten arreba gisa aurkeztu zaigun emakume batek. «Harro nago NBEn egin duen hitzaldiaz», esan du azkenik. Beste ama batek kontra egin dio, ordea. «Lau urteotan areagotu egin da petrolioaren prezioa, baina jendeak arazo handiagoak ditu orain. Nora joan da diru hori?», galdetu du bere artean, eztabaida bizi-bizian ari direlarik. Haurrak ere konturatu dira bozetako norgehiagokaz. Hala, eskolatik irtetean, Ahmadinejaden edo Mousaviren aldeko kontsignak kantaka dabiltza jostari.

Harrigarria da asaldura; izan ere, gaur bozkalekuetara joko duten 46 milioi irandarrek lau hautagairen artean aukeratu beharko dute, eta lau horietako inor ez da hasiberria, erregimeneko guardia zaharrekoak dira. Mousavi lehen ministro izan zen laurogeiko urteetan, eta, harrezkero, administrazioari lotuta egon da; Mehdi Karroubi hautagaia, irekitasunaren aldekoena,Parlamentuko presidente izan da, baita Errepublika Islamikoko sortzaile Ruhola Khomeini aiatolaren gertuko ere. Eta Mohsen Rezaei kontserbadorea, errepublikako Erabaki Kontseilu eraginkorreko idazkari nagusia da.

Hala, bada, inkestarik ia ez dagoen edo daudenak batere fidagarriak ez diren herrialdean, Ahmadinejad jotzen dute garaile, Mousavi gertu-gertutik darraiola; Karroubi litzateke hirugarrena, eta Rezaei azkena. Halere, inork ez badu botoen %50 eskuratzen, bigarren itzulia egingo dute hurrengo ostiralean, eta orduko emaitza ez da aurrez ikustekoa. Horren erakusgarri da, 2005ean, lehen itzulian, botoen %19 bakarrik lortuagatik, garaipen erabatekoa lortu zuela Ahmadinejadek bigarren itzulian, presidente batek sekula eskuraturiko boto kopuru handiena bereganatuta. Hori ikusirik, plazan haurren zain dauden ametako batek, gainerako emakumeek hitz egiten uzten ez diotelako nazkaturik, ohar liburuxka eskuetatik kendu eta hauxe idatzi digu ingeles argian: «Ez dio axola nor izango den presidente. Berdinak dira denak».

Zibila edo militarra?

Auzi bat nazio harrotasuneko kontu bihurtuz gero, konponbide gaiztoa izan ohi du; are gaiztoagoa Iranen, hango kultura herri bati irmo atxikitakoa izan baita historian, Persiari biziki lotua sentimenduz. Halakoxea da auzi nuklearra.

Lau hautagaiek aldeztu dute programa nuklear bat garatzeko eskubidea, baina helburu bakezaleekin bakarrik, alegia energia ekoizteko. Ali Khamenei aiatolak berak fatua bat eman zuen 2004an, eta moralgabetzat jo arma nuklearren erabilera. Gainera, Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna sinatu dutenetako bat da Iran.

Batetik, programa garatzeko baliatu duten ezkutukeriak sorrarazi ditu kontrakotasunak; eta, bestetik, Ahmadinejadek uko egin izanak gaia NBEko Segurtasun Kontseiluan eztabaidatzeari -horretarako prest leudeke gainerako hautagaiak-. Presidenteak dio bere herrialdeak Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin bakarrik hitz egingo duela programaz; alegia, inoiz erregimenari lankidetzarik eza egotzi izan dionarekin. Goi karguen artean ere aterarazi ditu babak haren jarrerak, diskurtso gerrazalea erabilita jende oldea erakarri nahi baitu. Programa nuklearra desitxuratzeaz akusatu du gai nuklearretarako negoziatzaile izandakoak, Hasan Ruhanik, eta erronka jo dio auzia jendaurrean eztabaidatzera, «faltsukeriak» argitzeko asmoz.



Mahmud Ahmadinejad

Boterearen maitea

Mendebaldean gorroto badiote ere, Iranen bertan heroitzat dute Mahmud Ahmadinejad (Garmsar, 1956). Muturreko kontserbadoreak agintari nagusien sostengua du, nahiz eta oposizioak ekonomia krisiaren erantzule egin. Bera da faborito.





Mir Hussein Mousavi

Krisitik irteteko aukera

Erreformista da Mir Hussein Mousavik (Khamene, 1941), baina, aldi berean, Iraultzaren oinarriak errespetatzea hitzeman du. Lehen ministro zela, 1980-1988, ekonomia alorrean egindako lanagatik da ezagun, eta Ahmadinejaden aurkari nagusia ere bada.





Mehdi Karroubi

Hautagai alternatiboa

Bere burua erreformistatzat duen bakarra da Mehdi Karroubi (Aligoudarz, 1937). Egungo estatuburuaren holokaustoarekiko jarrera gaitzetsi du behin baino gehiagotan, eta nazioartearekiko harremanak sendotzearen aldekoa da.





Mohsen Rezaei

Militar ohia

Oso gazterik sartu zen borroka armatuan Mohsen Rezaei (Masjed Soleiman, 1954). AEBek sostengatutako xa boteretik kentzeko hartu zituen armak lehen aldiz. Egun Ahmadinejadek nazioartearekiko duen jarrera gogor kritikatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.