Polisarioak «garbiketa etnikoa» egitea leporatu dio Marokori

Aaiungo erasoetan 4.500 bat saharar zauritu eta 2.000 atxilotu dituztela dio Fronte Polisarioak

2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
«Egoera oso kritikoa da. Marokoko Gobernua sahararren aurka ari da. Dozenaka hil dira, eta ehunka desagertu. Ideia bat egin dezazuen: etxe honetan bederatzi haur daude zaurituta, inork ez daki non dauden gurasoak eta inora eraman ezin dituztelako etxean ari zaizkie zauriak sendatzen». Haur saharar batzuen argazkiari eusten zion bitartean egin zituen adierazpen horiek Sultana Jaia ekintzaile sahararrak atzo. Kanarietan agertu zen kazetarien aurrean, nazioarteari esku har dezan eskatzeko. «Ez da ohartu ere egin egoeraren larriaz; lotan dagoela dirudi», adierazi zuen, Mendebaldeko Saharako gertakariak gehiegi luzatzen ari direla ohartaraziz. Fronte Polisarioak uste du «garbiketa etnikoa» ari dela egiten Maroko.

Izan ere, egunetik egunera gehiago dira zenbatu beharreko biktimak; askok uste baino kezkagarriagoa da Aaiunen gertatutakoa. Fronte Polisarioak emandako datuen arabera, Agdaim Izik kanpalekua indarrez desegin zutenetik, 4.500 bat saharar zauritu dituzte Aaiunen, eta 2.000 inguru atxilotu; horietako batzuk «bortizki torturatu ondoren askatu dituzte». Dozenaka saharar hil dituzte, eta «ezinezkoa da jakitea zenbat lagun desagerrarazi dituzten». Aaiungo gertakariak «gizateriaren aurkako krimentzat» har daitezkeelakoan dago Aminatu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararra.

Ekintzaile sahararrak lagunen etxeetan ezkutatzen dira, harrapatzen badituzte atxilotu eta torturatu egingo dituztelako; luze gabe aldatu behar izaten dute, ordea, lekuz. Izan ere, Marokok ehunka lagun atzeman ditu. Zentro bat baino gehiago prestatu behar izan du haiek denak preso hartzeko, hala nola Aaiungo Kartzela Beltza, Poliziaren kuartela, Alal Ben Abdala bigarren hezkuntzako eskola, hiriburuko futbol zelaia eta hondartzako polizia etxea.

Horixe bera salatu du Sultana Jaiak: «Agdaim Izik kanpalekuan zeuden milaka lagunen artetik erdien arrastoa galdu dugu; izan ere, oinez joan behar izan zuten Aaiunera arte, gosea, egarria eta militarren jazarpena jasanez. Desagertuta dauden haietako asko torturatu dituzte, eta hainbeste atxilotu nonbait sartu behar dituztenez, kartzelak ari dira prestatzen».

Gerra inoiz baino hurbilago

Mendebaldeko Saharako hiriburua «setio egoeran» dago. Fronte Polisarioak ohartarazi duenez, segurtasun indarren erasoek ez dute etenik: «Sahararren etxeetan bortxaz sartzen dira, eta barruan inor topatzen badute, atxilo eramaten dute. Familiako kide guztiak jipoitzen dituzte, eta gazteak bahitu». Skeikima, Bucraa eta Maatala auzoetan egindakoak izan dira eraso larrienak, baina herenegun goizaldera arte, hiriburuko ekialdean ere gogor jazarri zitzaizkien herritarrei. Polisarioak zehaztu duenez, Marokoko erregeari bibakahasi arte, ez zituzten bakean utzi.

«Maroko garbiketa etnikoa ari da egiten, eta nazioartean inork ez du esku hartu nahi», salatu du Bucharaia Beiunek, Polisarioak Espainian duen ordezkariak. Dena dela, sahararrak ez dira geldirik geratuko: «Gure herria edozer egiteko prest da, baita gerra hasteko ere». Rabateko gobernuak eta Polisarioak 1991n hitzartu zuten su-etena alde bakarretik urratzea leporatu dio Marokori Beiunek; hori dela eta, nazioarteak erasoak amaitzeko neurririk hartzen ez badu, «legezko bide guztiak» urratuko ditu Polisarioak: «Su-etena hitzartu genuenetik, sekula ez gara gerratik hain gertu egon».

Mohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak dio Marokok beti tratatu dituela berdin: «Lurralde okupatuetako egoera beti da berdina: jazarpena, larderia eta indarra erabiltzen ditu gure aurka». Aste honetako gertakariak, baina, bereziki larriak izan dira sahararrentzat; haatik, Abdelazizen ustez, Rabateko gobernuari ere ez dio mesederik egiten Aaiunen gertatutakoak: «Kanpalekuaren aurkako erasoaldiarekin suizidioa lortu du Marokok, bere politikak porrot egin duela erakusten baitu».

Bitartean, Polisarioren bertsioarekin inolaz bat egiten ez duen informazioa ematen ari da Rabat. Atxilotuak «dozenaka» direla baieztatu du; ez ordea bere Poliziak indarra neurriz kanpo erabili duela, eta dozenaka saharar hil dituztela. «Dozenaka atxilotu dituzte, nahiz eta oraindik ez dakigun zenbat diren. Hala ere, atxiloketa guztiak legezko prozedurei jarraiki egin dira, eta Fiskal Nagusiaren ikuskaritzapean». Marokok adierazi du bere helburua Mendebaldeko Saharako «gatazka artifiziala» amaitzea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.