Turkian gehien saltzen den egunkariaren egoitzan, Zaman kazetan, sartu zen atzo Polizia eta bertan da geroztik. Turkiako Gobernuak eman zuen hura kontrolatzeko agindua, terrorismoaz akusatutako Fetullah Gulen buruzagi erlijiosoaren "kolaboratzaile" izatea egotzita. Gaurko edizioa ixtear zela sartu ziren segurtasun indarrak erredakzioan, baina haiek kazetaren kontrola hartu baino minutu batzuk lehenago hura inprentara bidaltzea lortu zuten kazetariek.
Gaurko alean, azal beltzaren gainean hauxe irakur daiteke: "Egun lotsagarria Turkiako prentsa askatasunarentzat". Zaman egunkariko kazetariek gogor salatu dute operazioa, eta nabarmendu dute atzokoa kazetaren historiako "egunik beltzenetako bat" izan zela.
Poliziak ur kanoiak eta negar gasa erabili zituen erredakzioan sartzeko, eta behin barruan Gobernuak aukeratutako kudeatzaileak sarrarazi zituen.
Kazetarien Askatasunerako Plataformak gogor gaitzetsi du operazioa, eta ohartarazi du ahots kritikoak isilarazteko Gobernaren estrategiaren zati dela egunkariaren jabe egitea. Izan ere, Zaman ez da azken asteetan kontrolpean hartutako egunkari bakarra.
Can Dundar Cumhuriyet-eko zuzendaria, eta itzal handiko kazetaria, eta Erdem Gul Ankarako berriemailea orain dela hiru hilabete atxilotu zituzten, argitara eman zutelako, dokumentu batzuetan, Turkiak armak bidali zizkiela Siriako talde islamistei. Espioitzaz akusatu, eta bizi guztiko kartzela eskatu du fiskalak. Aurreko ostiralean askatu zituzten, Auzitegi Konstituzionalak hala erabakita, eta hilaren 25ean izango da epaiketa, baina inork ez daki zenbat denbora egongo diren kalean. Askatu eta biharamunean bertan presidenteak esan baitzuen ez duela "ez onartzen eta ez errespetatzen" erabakia: "Ez dut uste komunikabideek mugarik gabeko askatasuna izan behar dutenik. Munduko ezein lekutan ez dute komunikabideek erabateko askatasuna". Hitzez hitz.
EBren bilera
Europako Parlamentuko presidente Martin Schulzek iragarri du astelehenean galdetuko diola Turkiako lehen ministroari egunkariaren itxieraren inguruan. Izan ere, etzi Bruselara joatekoa da Ahmet Davutoglu lehen ministroa. Berez, errefuxiatuen krisiaren inguruko goi bilera egitekoa du EBko buruzagiekin Davutogluk.
Bestalde, gaur ere istiluak izan dira Ankaran. Ehunka lagun bildu dira Zaman-en egoitzaren kanpoaldean, egunkariaren aurkako operazioa salatzeko. Poliziak negar gasa jaurtiz erantzun die manifestariei.