Polizia zaintza ezarri diete Parlamentuko Mahaiko kideei

Espainiako Epaitegi Gorenean atzo ziren deklaratzekoak Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea eta mahaiko beste bost kideak ere. Horien defentsak indefentsioa argudiatuta, baina, astebetez atzeratu da hitzordua: azaroaren 9an egingo dute.

Carme Forcadell gaur goizean, Epaitegi Gorenetik ateratzen. ZIPI, EFE
jon ordonez garmendia
2017ko azaroaren 2a
17:42
Entzun

Gorenak polizia zaintza ezarri die sei auzipetuei, fiskaltzak eskatu bezala, “datorren ostegunean deklaratzera joango direla ziurtatzeko”. Helbide bat eta telefonoz eurekin harremanetan jartzeko telefono zenbakiak jarri behar izan dituzte Gorenaren esku. Hala egin zuten atzo epaitegitik atera aurretik. Bi orduz izan ziren Gorenean, eta irteeran Espainiako Kongresuko eta Senatuko 50 diputatu kataluniar inguru zituzten zain; txalo artean hartu zituzten auzipetuak. Pablo Echenique Podemoseko Antolakuntza idazkaria eta Alberto Garzon Izquierda Unidako koordinatzaile nagusia ere han izan ziren.

Matxinada, sedizioa eta diruaren erabilera okerra leporatzen die fiskaltzak, Generalitateko kideei bezala. Horiek ez bezala, ordea, Nuet ez beste guztiak forudunak direnez (parlamentua desegin arren, diputazio iraunkorreko diputatu izaten jarraitzen dute), Gorenak ikertuko du deliturik egin ote duten. Irailaren 6an eta 7an Trantsiziorako Legea tramitatzeagatik eta urriaren 26an eta 27an independentzia deklarazioa jasotzen zuen Junts pel Si-ren eta CUPen ebazpen bateratua tramiterako onartzeagatik epaituko dituzte.

Indefentsioa argudiatu dute

Astebeteko atzerapena eskatzeko, indefentsioa argudiatu dute Carme Forcadell, Lluis Maria Corominas, Anna Simo, Lluis Guino, Ramona Barrufet eta Joan Josep Nueten defentsek. Fiskaltzaren kereila sakonean aztertu behar dutela esan dute. Fiskaltzaren froga dokumentala iritsi arte deklarazioak bertan behera uzteko ere eskatu dute defentsek, baina Pablo Llarena epaileak ez du aintzat hartu.

Irailaren 6ko eta 7ko eta urriaren 26ko eta 27ko Parlamentuko Mahaiaren akordioak biltzen ari da fiskaltza froga horretan, Espainiako Epaitegi Konstituzionalaren zenbait ebazpenekin eta auzipetuen aurrekari penalen orriarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.