Palestinako gatazka

AEBetan 2.200 lagun atxilotu dituzte jada Palestinaren aldeko protestetan

Israelen aldeko taldeak agertu dira Poliziaren aurretik Kaliforniako Unibertsitatean, eta, makilekin eta metalezko barrekin armaturik, manifestariei eraso egin diete.

 Polizia, manifestariei aurre egiten, Kaliforniako Unibertsitateko campusean, Los Angelesen. ALLISON DINNER / EFE
Polizia, manifestariei aurre egiten, Kaliforniako Unibertsitateko campusean, Los Angelesen. ALLISON DINNER / EFE
Pettan Uralde - Julene Muruaga Hiriart
2024ko maiatzaren 3a
09:50
Entzun

Poliziak 200 pertsona baino gehiago atxilotu ditu ostegun goizaldean, Kaliforniako Unibertsitateko (UCLA) Los Angelesko campuseko kanpamentuan, hura desegiteko agindua ez betetzeagatik. Horiekin, 2.200 dira orain arte atxilotutakoak. Lekuko eta hedabideen arabera, Israelen aldeko manifestariak txano eta maskara zuriekin campusean agertu direnean hasi dira UCLAko talkak. Irudi grabatuetan ikus daiteke nola Palestinaren aldeko manifestariei objektuak jaurtitzen dizkieten eta kanpaldia inguratzen duen segurtasun hesiak eraisten dituzten. AEBetan 22:00 inguru zirenean izan zen Israelen aldeko manifestarien lehen erasoa, eta Polizia handik hiru ordura agertu zen esku hartzeko.

Etxe Zurian, Joe Biden presidenteak gaitzetsi egin ditu «indarkeria ekintzak», Gazako gerraren aldeko protestak hasi zirenetik egin duen adierazpenik luzeenean. «Estatubatuarrek protesta egiteko eskubidea dute, baina ez kaosa zabaltzeko eskubidea», esan du agintariak, azken egunetan gaiaren inguruan ezer esan gabe egon ondoren. «Ez gara herrialde autoritario bat non jendea isilarazten dugun edo disidentzia zanpatzen dugun. Hemen jendeari entzun egiten zaio. Izan ere, protesta baketsuak dira estatubatuarrok gai polemikoei erantzuteko dugun tradiziorik onenaren parte. Baina gu ere ez gara legerik gabeko herri bat. Ordena nagusitu behar da», esan du Bidenek.

Captura de pantalla 2024 05 03 a las 09.30.53
Protesten aurkako pertsona bat, barrikada bat bota nahian. DAVID SWANSON / REUTERS

Apirilaren 18tik 2.000 pertsona atxilotu dituzte unibertsitateetako protestetan, AP agentzia estatubatuarraren kontaketa baten arabera, eta errepresioa areagotzen ari da egunak igaro ahala: Oregongo Portland Estatu Unibertsitatean Poliziak campuseko liburutegia inguratu zuen, manifestariak barruan gotortzen ziren bitartean. Agenteek eraikinaren inguruko hainbat auzo itxi zituzten, eta barruan zeudenei ateratzeko eskatu zieten, megafono bidez. Azkenean, indarrez atera behar izan zituzten manifestari gotortuak, eta atzo goizaldean deitu zituzten deklaratzera. Antzeko eszenak bizi izan ziren herrialde osoan. Unibertsitate batzuek bakarrik — esaterako, Berkeleyk, Northwesternek eta Brownek— lortu dute negoziazioen bidez Poliziaren eta ikasleen arteko liskarrak eragoztea.

Frantzian ere, protestak

Frantzian ere Poliziak bortizki erantzun du unibertsitateetan egiten ari diren protesten aurka. Okupazioetan parte hartzen ari ziren ikasleak kanporatu dituzte, eta kanpalekuak desegin. Andana bat ikasle atxilotu dute.

Azken egunetan, Palestinako sarraskiaren aurkako ikasle mugimenduak Frantziako hiri handietara hedatzen hasi dira. Pariseko Zientzia Politikoetako eskolan eta Sorbona Unibertsitatean egin dituzte protestak, besteak beste. Ikasleek eskatzen dutena da Israelek Palestinaren aurkako erasoak gelditzea eta Frantziako unibertsitateek Israelgoekin dituzten elkarlanak eta harremanak moztea. Okupazioak, manifestaldiak, elkarretaratzeak eta gose grebak antolatu dituzte.

Frantziako Gobernuak adierazi du Poliziaren presentzia mantenduko duela blokeo gehiago gerta ez dadin, eta «fermutasuna erabatekoa» izanen dela protestak bukatuak izan arte. Horrez gain, Goi Mailako Irakaskuntza ministro Sylvie Retailleauk unibertsitateetako zuzendariei dei egin die «ordena publikoa» zaindu dezaten dituzten baliabide guziak erabiliz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.