Bilan gogobetegarria» egin zuen Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak, Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroaren bisitaren harira, G7koen goi bileraren inguruan Frantziako Poliziak eta Justiziak egindako lanaz: 119 atxiloaldi, 50 bat auzipetze, bi epaiketa berehalako. Azken hilabeteetan, ordea, elkarte askok jarri dute zalantzan Frantziako Poliziaren jokabidea, bereziki, Jaka Horien mugimenduari emandako erantzunak hauspotuta. Kasurik ikusgarrienen atzean, ordea, badira gehiago: Parisko herri auzoetan, esaterako, ez da berria bortizkeria hori.
Steve Maia Caniçoren heriotza izan da argitara atera den azken kasua: ekainaren 21eko musikaren bestan, Naoneden (Bretainia), Polizia negar gasak erabiliz oldartu zitzaien parte hartzaileei, eta asko uretara erori ziren. Aste batzuez desagertua egon ondotik, uztailaren 29an aurkitu zuten haren gorpua. Zenbaketa ofizialik ez dagoen arren, ez da Frantziako Poliziaren jardunaren ondorioz izandako kasu ilun bakarra. 2005ean, ezagun egin zen Zyed Bennaren (17 urte) eta Bouna Traoreren (15 urte) kasua, eta 2016an, Adama Traorerena (24 urte).
Ez da erraza zenbat kasu diren argitzea, «istripuen», biktimen «ondoezaren» eta «defentsarako eskubidearen» argudioak erabiliz, itzalean geratzen baitira Poliziaren esku hildako askoren kasuak. 1961eko aljeriarren aurkako Parisko sarraskiarekin hasita—200 bat lagun hil zituzten, Aljeriako gerraren harira FLNk deitutako manifestazio batean—, Poliziaren jardunarekin lotutako 320 heriotza kasu bildu ditu bastamag.net atari independenteak —1961eko sarraskikoak zenbatu gabe—. Besteak beste, Maurice Rajsfus historialariaren lanari eta Ramata Diengek Viees Volees kolektiboarekin egindakoari esker lortu dute informazioa, atarian bertan nabarmentzen dutenez.
Immobilizazio teknikak
Abou Bakari Tandiaren, Tina Sebaaren, Abdelhakim Ajimiren, Lamine Diengen, Mahamadou Maregaren, Baba Traoreren familiek sortu zuten Vies Volees kolektiboa, 2010ean. Poliziaren eskuetan hildako gazteak dira denak, herri auzo edo aldirietako auzoetakoak, eta familia gehiago ere batu zaizkie gerora. Iaz, filmbat ere egin zuten Diengen kasuaz (Dire a Lamine, 2018), Cases Rebelles kolektiboarekin batera.
Frantziako Poliziaren immobilizazio teknika «hilgarrien» aurkako kanpaina ere hasi zuen iaz Vies Volees kolektiboak: Utz iezaguzue arnasa hartzen. Estrasburgoko auzitegiak birritan zigortu du Frantzia teknika horiek erabiltzeagatik; besteak beste, horien ondorioz hil zituzten Ajimi, Dieng eta Traore. Hiru eskari egin dizkiete hildakoen senideek Frantziako agintariei: teknika horiek debekatzea, Poliziaren bortizkeria kasuetan ikerketa independenteak bermatzea eta senideen eskubideak errespetatzea.
Poliziaren biolentzien izozmendia
Bereziki Jaka Horien mugimendua piztu zenetik, ezbaian jarri dute askok Frantziako Poliziaren jokabidea. Hiri handietako herri auzoetan ezagun dute indarkeria hori, eta Vies Volees kolektiboan antolatu dira senide batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu