POLONIA. Poloniako agintaritza umezurtz utzi du hegazkin istripu batek

Poloniako presidente Lech Kaczynski eta beste 95 lagun hil ziren atzo Errusiako Smolensk hirian izandako istripu batean

/ JAKES GOIKOETXEA
2010eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Patuaren indarra. Zorigaitz baten oroitzapenak beste ezbehar bat ekarri zuen atzo Poloniara. 1940an zerbitzu sekretu sobietarrek 15.000 militar poloniar hil zituzten Katin. Atzo, 70 urte geroago, haien omenaldian parte hartzera zihoazen agintariak zeramatzan hegazkinak lurreratzean istripua izan zuen Smolenskeko aireportuan, Errusia mendebaldean. Poloniako presidente Lech Kaczynski hil zen hegazkin istripuan. Ezbeharretik ez zen inor onik atera eta presidentearekin batera hegazkinean zihoazen beste 95 lagun ere hil ziren; tartean presidentearen emazte Maria Kaczynska, Poloniako hainbat goi kargudun eta Katingo sarraskian hildako militarren senideak. Gauzak zer diren, sarraskia eta istripua denboran urrun egon arren, gertakariak izan ziren lekuen gertutasunak oroimenerako utziko ditu bi gertaerak Polonian.

Hegazkina, Tupolev TU-154 modelo bat,Varsoviatik atera zen, eta Smolenskeko aireportutik400 metro eskasera izan zuen istripua, lurreratzeko ahaleginean. Lehenengo ikerketen arabera, aireportuko laino itxia izan zen istripuaren arrazoia. Iturri ofizialen arabera, lainoarengatik gaizki ikusten zela eta, kontrol dorretik Minskeko (Bielorrusia) edo Moskuko (Errusia) aireportuetan lurreratzeko esan zioten pilotuari. Pilotuak, gomendioei kasu egin gabe, lau aldiz saiatu zen lurreratzen. Laugarrenean zuhaitzak jo eta erabat zatitu zen. Errusiako Defentsa Ministerioak esan duenez, Errusia mendebaldeko aerodromo militarrak oso egoera txarrean daude.

Errusiako Fiskaltzako ikerketa batzordeak, eguraldiaz gain, giza hutsa edo hegazkinaren huts teknikoak aipatu ditu istripuaren arrazoi moduan. Baina Tupolev-154 hegazkinak teknikoki kalitate onekoak eta modernoak dira, adituen esanetan.

Elite politikoa

Poloniako presidente ohi Aleksander Kwasniewskik «leku madarikatutzat» jo zuen istripua gertatu zen tokia. «1940an Poloniako elite militarra hil zen han, eta orain egungo errepublikako elitea, elite politikoa», esan zuen. Izan ere, presidenteaz gain, Poloniako hainbat goi kargudun ere baziren hegazkinean. Besteak beste, Slawomir Skrzypek Banku Zentraleko burua, Andrzej Kremer armadako agintari goren eta Kanpo Gaietarako ministrorde, Wladyslaw Stasiak presidentearen kantzelaritzako burua, Aleksander Szczyglo Segurtasun Nazionalerako burua eta Franciszek Gagor Armadako pertsonal burua. Kultura eta kirol arloko ordezkariak ere baziren; esaterako, Poloniako Olinpiar Batzordeko presidente Piotr Nurowski.

Ezbeharrak hankaz gora jarri du Poloniako agintea. Berez, parlamentuko behe ganberako presidente Bronislaw Komorowskik hartu behar du presidente kargua. Baina Konstituzioak dio kargua automatikoki hartu eta bi aste baino lehen egin behar dutela hauteskundeetarako deialdia. Hala egingo dutela jakinarazi du Gobernuak.

Kaczynskik aurten berriro presidentetzarako hauteskundeetara aurkezteko asmoa zuen. Besteak beste, ezbehar horren ondorioz elite politikoan izango diren hutsuneak betetzen lan handia izango duen Donald Tusk lehen ministroa ez zelako aurkeztu behar.

Dolua kaleetan

Hegazkin istripua gertatu eta lehen berriak zabaldu bezain pronto milaka herritar inguratu ziren Varsoviako presidentearen jauregira, loreak eta dolumin mezuak uztera. «Zergatik, zergatik, Jauna?», «beti sufritzen, poloniarrak beti sufritzen» eta gisako oihu eta aieneak entzun zitezkeen herritarren ahotik.

Herritarrak negarrez, eta hildakoen senideak Moskuko Xeremetievo aireportuan batzuk eta bidean besteak, familiakoen berri gehiago noiz jasoko zain. Vladimir Putin Errusiako lehen ministroa istripua gertatu zen lekuan izan zen. Esan zuen lan egingo dutela istripuaren zergatiak ahal bezain azkar argitzeko eta hildakoen senideei laguntzeko.

Jarowslaw Kaczynski oposizio kontserbadoreko buru eta hildako presidentearen anaia bikiak Smolenksera joateko asmoa du.

Bien bitartean Varsoviako etxe eta eraikin ofizialak Poloniako bandera zuri eta gorriz jantzi dituzte, dolu astea izango denaren atariko gisa.





Soslaia

Lech Kaczynski

Ilargitik ultraeskuinera

Munduko agintarien hitz zurietatik eta hutsaletatik haratago, ultrakontserbadore, homofobo, polemiko eta euroeszeptiko hitzek laburbiltzen dute ondoen Lech Kaczynskiren (Varsovia, 1949) jarduna eta pentsamoldea. Homosexualak, komunistak, Alemania eta Errusia etsaitzat zeuzkan. Txikia izan arren, agerian geratzen zen nazioarteko topaketetan.

1962an, 12 urterekin, poloniarrak samurtu zituzten Lech eta Jaroslaw Kaczynski anaia bikiek, Ilargia lapurtu zuten biak filmarekin. Bertan bi anaia bihurrik aberastu egin nahi zuten, ilargia lapurtu eta salduta.

Ilargia utzi eta politikari heldu zioten, ordea. Elkar harturik ibilbide oparoa izan zuten. Komunismoaren kontra aritu ziren, Langileen Defentsa Batzordean (KOR) aurrena, Elkartasuna (Solidarnosc) sindikatuan gero.

Lech Walesak (Elkartasuna) 1990eko hauteskundeak irabazi zituenean Lech Kaczynskik goi karguak izan zituen gobernuan; Justizia ministro ere izan zen.

Baina bi anaiak Lech Walesarekin haserretu ziren, eta alderdi propioa sortu zuten, Legea eta Justizia (PiS), 2001ean. 2002an Lech Varsoviako alkate aukeratu zuten. Debekatu egin zituen homosexualen harrotasun eguneko desfileak eta heriotza zigorraren alde ere hitz egin zuen.

2005eko abenduan hauteskundeak irabazi eta Poloniako presidente izendatu zuten. Kanpaina mezu populistetan oinarritu zuen. Eliza katolikoaren balioetan. Tradizioetan. Balio eta interes nazionaletan. Mezuek arrakasta izan zuten tradizionalisten eta nekazarien artean. Anaiek ilargia eskuratu zuten orduan: Lech presidente eta Jaroslaw lehen ministro izan ziren 2005ean eta 2006an.

Polonia garbitu egin nahi zuten, komunismoa eta homosexualitatea ezabatu: 700.000 poloniar behartuz ea erregimen komunistari lagundu zioten edo ez aitortzera (Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen egitasmoa) eta beren homosexualitatea adierazten zuten irakasleak kaleratuz.

Kaczynski bikiek iskanbila sortu dute Europako Batasuneko agintarien bileretan. Batzuetan eskatzen zuten Europan ere aplika zitezela Polonian proposatzen zituzten neurri ultrakontserbadoreak (abortua eta «propaganda homosexuala» debekatzea); besteetan, berriz, Europan onartutakoak Polonian ez aplikatzea.

Europako Oinarrizko Eskubideen Itunean salbuespen bat jasotzea lortu zuten: ondorioz, Polonian familia, moral publikoa eta osotasun fisikoa urratzeagatik zigortutakoek ez dute aukerarik izango Luxenburgoko epaitegira jotzeko. Alegia, Europan egonagatik, poloniarrei ez zaiela onartuko Polonian onartu ez den eskubiderik. Homosexualen eskubideen kontrako neurria da, neurri handi batean.

Bruselan, Lech «biki ona» zela zioten; Jaroslaw, aldiz, «biki gaiztoa». Lisboako Itunari buruzko negoziazio batean, 2007ko ekaineko goizalde batean, Lechek negoziatzen zuen Bruselan, baina aginduak Jaroslawek ematen zizkion, telefonoz, Varsoviatik. Lech Kaczynskik uko egin zion Lisboako Ituna sinatzeari eta urtebetez trabatu zuen onarpena. Iazko urrian sinatu zuen.

Kaczynski anaiek Europarik gabeko Europa nahi baitzuten neurri handi batean. Laguntzak bai, baina Europak onartutako eskubiderik ez. Ez behintzat Polonian onartuta ez bazeuden.

Lechek bere jarrera samurtu egin behar izan zuen azken urteetan, hauteskundeak liberalek irabazi zituztelako eta anaiak kargua utzi behar izan zuelako. Hala ere, iskanbila sonatuak izan zituen Donald Tusk lehen ministro liberalarekin. Lechek batzuetan uko egin baitzien Parlamentuak edo Gobernuak onartutako neurriak sinatzeari.

Konstituzioaren arabera, presidenteak lehen ministroak baino indar gutxiago du, baina funtzio garrantzitsuak ditu nazioarteko politikan. Horrek Tuski buruhauste ugari eragin zizkion.

2008ko urrian, esaterako, Radoslaw Sikorski Atzerri ministroak Kaczynskiri belauniko eskatu zion ez zedila joan Bruselan klima aldaketari buruz egitekoa zen goi bilerara. Kaczynski hegazkin ofizialik gabe utzi zuen, baina presidenteak charter hegazkin bat hartu zuen eta Bruselako bileran azaldu zen. Aulkia kendu zion Atzerri ministroari. JAKES GOIKOETXEA







Donald Tusk
Poloniako lehen ministroa
«Mundu modernoak ez du sekula horrelako ezbeharrik ikusi. Hil dira Estatuko erakunde buru, apaiz, parlamentari, politikari, armadako komandanteak... Gure lagun eta ezagunak»

Lech Walesa
Poloniako presidente izana
«Presidentea ez ezik, elite politikoa, nazioaren elitea ere galdu du Poloniak. Ezbehar eta galera hau orain dela 70 urte Katinen gertatutako sarraskiarekin parekatzeko modukoa da»

Ban Ki-moon
Nazio Batuen Erakundeko idazkaria
«Bere herria zerbitzatu zuen Kaczynskik. Bereziki mingarria da Poloniaren eta Errusiaren arteko baketzearen adierazle zen ekitaldi batera zihoala hil izana»

J. M. Durao Barroso
Europako Batzordeko presidentea
«Kaczynski abertzale poloniar sutsua zen, baina era berean konpromiso handia zuen Europako Batasunarekin eta haren askatasun eta elkartasun balioekin»

Barack Obama
Amerikako Estatu Batuetako presidentea
«Galera tristea izan da Poloniarentzat, AEBentzat eta mundu osoarentzat. Kaczynskik lan handia egin zuen elkartasunaren, askatasunaren eta giza duintasunaren alde»





Angela Merkel
Alemaniako kantzelaria
«Nire atsekabea eta hunkipena baino ezin ditut adierazi Kaczynski presidenteak jasan duen istripuaren eta zorigaiztozko heriotza honen berri jakin dudanean»

Nicolas Sarkozy
Frantziako presidentea
«Heriotza honekin Frantziak lagun bat galdu du. Sinesten zituen ideien defendatzaile sutsua zen; demokraziaren askatasunaren eta totalitarismoaren aurka gogor borroka egin zuen»

Dmitri Medvedev
Errusiako presidentea
«Errusiak Poloniarekin partekatzen du heriotzak sortu duen mina. Gainera, gobernuari agindu diot istripuari buruzko ikerketa sakona egin dezala, poloniarrekin batera»

J.L. RodriguezZapatero
Espainiako Gobernuko presidentea
«Kaczynski Poloniako historia garaikideko ikur izan da. Ustelkeriaren aurka eta Poloniak II. Mundu Gerran egindako borroka goraipatuz egin du bere jardun politikoa»

Benedikto XVI.a
Aita santua
«Jainkoaren esku uzten ditut biktima guztiak, beregan har ditzan. Poloniarrei ere nire gertutasuna adierazi eta Jaunaren bedeinkazioa eman nahi diet»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.