Migrazioa

Poloniak erreferendum bidez erabakiko du Europako Batasuneko migrazio planaz

Mateusz Morawiecki lehen ministroak iragarri du hauteskunde orokorren egun berean egingo dutela galdeketa; udazkenerako daude aurreikusita.

Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroa, iragan ekainean, Varsovian. PAWEL SUPERNAK / EFE
Urko Iridoy Alzelai
2023ko uztailaren 4a
13:33
Entzun

Poloniako Gobernuak erreferendum baten bidez erabaki nahi du EB Europako Batasunak adosturiko migrazio planaz, hauteskunde orokorren egun berean, udazkenean. EBko estatu kideek sortutako migrazio planaren aurka agertu da Varsovia.

Duela astebete, Jaroslaw Kaczynski PiS Legea eta Justiziako buru eta ministrordeak galdeketaren ideia hizpidera ekarri zuen behe ganberan: «Poloniak erabaki beharreko zerbait da. Europako Batasuneko herrialdeen subiranotasunaren aurkako plan bat da hau». Kaczynskik Poloniaren aurkako «burlatzat» jo zuen EBren ekinaldia, Poloniak jada 2,2 milioi errefuxiatu jaso ditu eta Ukrainatik.

Atzo, Mateusz Morawiecki lehen ministroak, prentsaurreko batean, errealitate bihurtu zuen Kaczynskiren proposamena: «Hauteskunde orokorrak eta erreferenduma egun berean egingo ditugu, kostuak txikiagoak izan daitezen». Morawieckik adierazi zuen ez dagoela ados migrazio planarekin: «Oso arriskutsua da mugak horrela irekitzea: aukera paregabea da giza trafikoan dabilen jendearentzat. Horrez gain, terroristak gure herrialdean sartzeko arrisku handia dago».

Zbigniew Ziobro Justizia ministroak, behe ganberan hark ere, planaren arriskuez hitz egin zuen: «Migrazio neurri hauek indarrean sartzen badira, gure hiriak komunitate oldarkorrez beteko lirateke, eta ghettoak sortuko lirateke».

IBRiS gizarte eta merkatu azterketarako institutuak Rzeczspospolita egunkariarentzat egindako inkesten arabera, erreferendumaren erabakia oso bananduta dago. Inkestek diote %50,3 planaren alde daudela, eta beste %49,7 aurka.

Poloniarekin batera, Hungaria izan da EBko migrazio neurrien aurka agertu den gobernu bakarra. Estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute, eta ukatutako errefuxiatu bakoitzarengatik 20.000 euroko isuna ordaindu beharko du herrialde bakoitzak. Viktor Orban lehen ministroak bere Facebook orrian publikatu zuen neurri horiek «onartezinak» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.