Egipto ipar-ekialdeko Port Said hiriko futbol zelaian, botilak, harmailetatik botatako jarlekuak eta zapatak daude oraindik belar gainean. Al Masry etxeko taldearen eta Al Ahly kairotarraren Ligako partida bukatu osteko liskarretan, 74 lagun hil ziren asteazken gauean. Sarraskiak, ordea, futbolaren mugak gainditu, eta herrialde osora hedatu du krisia. Kairoko gobernuak hiru eguneko dolua ezarri du, kargutik kendu ditu zenbait poliziaburu, eta Anaia Musulmanen Justizia eta Askatasuna alderdiak, bozetan gehiengo zabala lortu berri duenak, Hosni Mubarak diktadore ohiaren jarraitzaileak egin ditu liskarren erantzule. Bien bitartean, milaka lagunek hartu dituzte Kairoko kaleak —Al Ahly taldearen zaleak gehienak—, «justizia» eskatzeko.
Kamal Ganzuri Egiptoko lehen ministroak aitortu du bera dela istiluen erantzule politikoa. «Prest nago kontuak eskatzen dizkidan edozein agindu betetzeko. Neu naiz erantzule politikoa». Kairoko parlamentuan esan ditu hitzok lehen ministroak, eta gaineratu du iragan azaroan kargua hartu zuenetik «Egiptoko kaleak» ez diola babesik erakutsi baina halere ez dituela bere «erantzukizunak» bazter utzi. Eta jakinarazi du kargutik kendu dituela Port Saideko gobernadorea, zelaian zeuden polizien bi arduradunak eta Egiptoko Futbol Federazioko presidentea. Poliziaren «pasibotasunak eta arduragabekeriak» eragin dute Port Saideko tragedia, Ganzuriren ustez.
Iritzi berekoa da Mohamed Yunis Port Saideko futbol zelaiko zuzendaria ere: «Beldur zirelako ez zuten ezer egin poliziek. Gertatzen ari zenari begira geratu ziren, muturreko zaleen beldur». Oraindik ez dira hasi futbol zelaia garbitzen eta kalteak konpontzen, fiskala «laster» joango delako hara lehen ikerketak egitera. Futbol Federazioa ere ikertuko dutela iragarri du gobernuak: argitu nahi du zergatik baimendu zuen partida jokatzea istilu larriak egon zitezkeela jakinda. Europako Batasunak, berriz, ikerketa independente bat abiatzeko eskatu dio Kairori.
Bestalde, Egiptoko fiskal nagusiak asteazken gauean atxilotutako 51 lagunei galdeketak egiteko agindua eman du. Halere, gobernuaren erantzunak ez du gogobete parlamentua, eta Gazte, Defentsa eta Segurtasun Nazionaleko batzordeek fiskal nagusiaren eta Barne ministroaren dimisioak eskatu dituzte.
Polizia, jomugan
Kontseilu Militarreko buru Mohamed Hussein Tantawik hitzeman du Port Saideko liskarren erantzuleak aurkituko dituztela. «Honek ez du Egipto hondoratuko... Munduko edozein lekutan gerta daitezke horrelakoak. Gaindituko dugu fase hau. Egipto iraunkorra izango da. Bozetan hautatutako zibilei boterea uzteko bide orria prest daukagu. Norbait Egipto desegonkortu nahian badabil, ez du lortuko. Bakoitzak merezi duena izango du».
Anaia Musulmanek, bestalde, Mubaraken erregimenaren jarraitzaileei leporatu die sarraskia eragin izana. Izan ere, harmailetan infiltratutako jendeak berotu zituen zaleak, Egiptoko zenbait komunikabideren arabera. Hosam Mohamed Mustafa lekukoaren arabera, Al Masy taldeko zaleek partidaren hasieran mehatxatu zituzten Kairoko zaleak. Al Masry taldeko arduradun Mohamed Sein harrituta dago, etxekoek irabazi zutelako partida (3-1), eta eurek hasi zituztelako istiluak. Egun batzuk lehenago taldearen zuzendaritza muturreko zaleekin bildu zela azaldu du, eta aurkariei harrera ona egitea onartu zutela.
Al Ahly Kairoko futbol taldeko zaleak haserre daude, eta hiriburuko kaleak hartu zituzten atzo milaka lagunek, «justizia» eske. Taldearen egoitzan hasi zuten martxa, eta Tahrir plazan bukatu. Protesta gehienak Kontseilu Militarraren eta Poliziaren kontrakoak izan ziren. Sarraskiak Kontseilu Militarraren kontrako aldarria berpiztu du Kairon: poliziaburu gehienak erregimen zaharrekoak direla salatu zuten manifestariek, eta Tahrir plaza ondoko Barne Ministerioaren egoitzaren aurrera hurbildu ziren protesta egitera. Poliziek gogor erantzun zien, negar gasak jaurtiz, besteak beste. Gutxienez 200 lagun zauritu zituzten liskarretan.
Port Said futbol zelaiko sarraskiak krisi politikoa eragin du Egipton
Milaka lagunek «justizia» eskatu diote Kontseilu Militarrari Kairon, eta Poliziak gogor erantzun die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu