Portugal

Portugalgo lehen ministroak dimisioa eman du, ustelkeria kasu batengatik

Costa eta gobernuko kide batzuk ikerketapean daude litioa eta hidrogenoa ustiatzeko kontzesioen aferan. Agintari sozialistak esan du konfiantza duela justizian.

Antonio Costa, gaur, Lisboan, dimisioaren berri emateko agerraldian. JOSE SENA GOULAO / EFE
ander perez zala
2023ko azaroaren 7a
15:57
Entzun

Antonio Costa Portugalgo lehen ministroak dimisioa eman du gaur, ustelkeria kasu batengatik. Fiskaltzak goizean jakinarazi du Auzitegi Gorena hura eta gobernuko beste hainbat kide ikertzen ari dela, ustez ustelkeria, influentzien trafikoa eta prebarikazio delituak egin dituztelako, eta horren ondoren eman du erabakiaren berri Costak, arratsalde hasieran. «Kontzientzia lasai dudala bukatuko dut aro hau», azaldu du agintari sozialistak.

Goiz eta eguerdi mugitua izan dute Portugalen. Fiskaltzak emandako albistearekin batera, argitara atera dute Poliziak Costaren inguruko bi pertsona atxilo hartu dituela: Vitor Escaria kabineteburua, eta Diogo Lacerda Machado enpresari eta laguna. Bi atxiloketa horiek «prebentzio» modura egin dituzte, horiek ihes egin ez dezaten; horrekin batera, agenteek 42 erregistro egin dituzte, besteak beste lehen ministroaren erresidentzia ofizialean eta Azpiegitura eta Ingurumen ministerioen egoitzetan.

Ikerketaren helburuetako bat da argitzea Costak zer rol izan zuen kontzesio hauetan: Montalegren eta Covas do Barroson litioa ustiatzeko, eta Sinesen hidrogeno berdea ekoizteko proiekturako. Hain justu, atxilotuen artean da Sineseko alkate Nuno Masarenhas ere —hura ere PS Alderdi Sozialistakoa, Costa bezala—.

Afera horretaz aritzean, Costak esan du fiskaltzaren bidez jakin duela ikerketapean dagoela, eta ez dakiela zehazki zer ikertzen ari diren; «harrituta» agertu da. «Nik dakidala, ez nago akusatuta, eta ez dakit zer ekintza egin ditudan», adierazi du agintari sozialistak gaur egin duen agerraldian. Hori bai, esan du konfiantza duela justizian eta haren funtzionamenduan, zer gertatu den argitzeko.

2015etik agintean

Costa 2015ean iritsi zen lehen ministro kargura, BE Ezkerreko Blokearekin eta PCP Portugalgo Alderdi Komunistarekin programa komun bat adostu zuenean. Geringonça (tramankulua) deitu zioten aliantza horri —besteak beste, krisi ekonomikoari aurre egiteko austeritatea amaitu zuen—, eta agintari sozialistak gutxiengoan gobernatu zuen bi legealditan, alderdi horien kanpo babesarekin.

Gerora, iazko bozetan, PSk gehiengo osoa lortu zuen, eta ez zuen itun hori errepikatu behar izan. Ibilbide horri esker, Europako gobernuburu ezagunetako bat bilakatu zen Costa, eta datorren urtetik aurrera Europar Kontseiluko presidente izateko faboritoetako bat zen.

Portugalgo lehen ministro ohiak azaldu du ez dela berriz aurkeztuko hauteskundeetara, bozak aurreratzen badituzte. Herrialdeko presidente Marcelo Rebelo de Sousak jakinarazi du, ohar baten bidez, Costaren dimisioa onartu duela, eta parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiak deitu dituela bilkura batera, hurrengo pausoez aritzeko; bihar eta etzi elkartuko dira.

Hain justu, oposizioko indar politikoak pozik agertu dira jada gobernuburu ohi denak harturiko erabakiagatik; oro har, Costak esan bezala, argudiatu dute ikerketapean egotea eta lehen ministro izatea ez direla bateragarriak. Oposizioko indar nagusia, PSD Alderdi Sozial Demokrata, premiazko bilera batean elkartu da, eta horren ondoren mintzatu da Luis Montenegro alderdiko presidentea: hauteskundeak aurreratzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.