Portugalgo presidenteak Passos Coelhori eman dio agintea, ezkerraren kaltean

Kontserbadoreek gehiengorik ez duten arren, hautagai bozkatuenaren alde egin du.Gogor kritikatu du PS, Coelhorekin ados ez jartzeagatik

Pedro Passos Coelho, Portugalgo jarduneko lehen ministroa. ANDRE KOSTERS / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Inoiz zalantzarik izan ez eta inoiz ez duela huts egiten esan izana egotzi diote Anibal Cavaco Silva Portugalgo presidenteari. Baina demokrazia indarrean sartu zenetik lehen aldiz, hauteskundeen ondoren bi hautagai prestu agertu dira lehen ministro izateko. Eta erabaki zaila hartu behar izan du presidenteak; haren eskumena baita gobernua osatzea nori agindu. Antonio Costa sozialistak komunisten eta marxisten babesarekin gehiengoa izan arren parlamentuan, Pedro Passos Coelho jarduneko lehen ministro kontserbadoreari agintean jarraitzeko aukera eman dio Cavaco Silvak, ezkerraren kaltean.

Passos Coelhok 107 parlamentariren babesa izango du 230 eserlekuko ganberan. PSDk eta CDSk osatutako koalizioak, gehiengorik gabe, zail dauka praktikan agintea hartzea.

Cavaco Silvak gogor gaitzetsi du «alderdi europeistek» akordio bat lortu ez izana, eta PSri egotzi dio horren errua. Parlamentari sozialistei Passos Coelhoren izendapena errazteko ere eskatu die, Portugalen hobe beharrez.

PS Alderdi Sozialista bigarren indarra izan arren urriaren 4ko hauteskundeetan —86 eserleku lortu zituen—, Ezkerreko Blokea mugimendu marxista eta Alderdi Komunista prest agertu dira, 40 urteko ikusezin politikoa baztertuta, Antonio Costa lehen ministro izendatzeko. Ezkerreko indarren hirukoak gehiengo osoa izango luke parlamentuan —122 ordezkari—, eta, gobernu akordio bat ixtera iritsi ez diren arren, Passos Coelho agintetik kentzeko behintzat ados agertu dira.

Costak asteartean jada ohartarazi zuen ezkerreko indarrek akordio bat lortzeko «oinarri sendoak» bazeudela eta bera lehen ministro izateko prestu zegoela. BE Ezkerreko Blokeko buruzagi Caterina Martinsek babesa agindu zion PSko buruari agintea hartzeko, eta Passos Coelho izendatzea «denbora galtzea» izango zela nabarmendu zuen. Jeronimo de Sousa buruzagi komunistak ere aterabide «iraunkor» bakarra PSren gobernua zela esan zuen herenegun, ezkerreko beste bi indarrek Costa babestuta.

Alderdi Sozialistak komunistekin eta marxistekin izandako negoziazioak ez dira batere samurrak izan. PCPren ildoko Avante! egunkariak «diferentzia nabarmenak» aipatzen zituen atzoko editorialean. Baina aldeak indarrean sartu beharreko politikei zegozkien, Costa lehen ministro izateko babesa auzitan jarri gabe: «Langileen eta herriaren nahiak betearazteko politikan bat etortzea lortu ez arren, horrek ez du eragozten PSk gobernua osatzea eta jardunean sartzea».

NATOn eta euroan jarraitzearen kontra daude komunistak eta Ezkerreko Blokeko gehienak, eta Europako Batzordearekin zorra ordaintzeko konpromisoak ere auzitan jartzen dituzte. Baina aldarrikapen horiek bazter utzi eta enpleguari, soldatei eta erretretei buruz adostasun batera iristen jarri dituzte indarrak, horrek Portugalen defizit helburuan eragina izango lukeen arren. PS, PCP eta BE funtzionarioei murriztutako soldatak itzultzeko ados daude; ez, ordea, erritmoan.Erretreten gastu gehigarria eta beste konpromiso batzuk erantsita, gutxienez 2.000 milioi euroko ordaina ekarriko zukeen horrek, eta urrundu egingo zukeen %3ko defizitaren muga.

Ezkerreko indarren akordio bati buruzko zalantza agerikoagoak PS barnetik haizatu zituzten, hala ere. Francisco Assis eurodiputatua «ezkerreko balizko gehiengo batean oinarritutako gobernu bat eratzearen erabat kontra» agertu zen, Publico egunkarian argitaratutako artikulu batean. Costaren aurkari handienetakoa da PS barnean, eta alderdiko buruzagi izateko hautagaitza ere aurkeztu dezake.

Orain, gobernua eratzean dauka erronka Coelhok. Haren kontrako ezespen botoa iragarri dute ezkerreko indarrek, eta, urtarrilean presidentetza hauteskundeak direnez, ekaina arte jardunean baina gobernu berria eratu gabe jarraitzeko arriskuan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.