Ekialde Hurbila. Gazaren aurkako erasoa

Pospolo kaxa batean gordetako erabakiak

Israelgo armada fosforo zuria ari da erabiltzen Gazan, iturri batzuen arabera. Ez luke lehen aldia. Azkena ere ez, antza, material horren erabilera «murriztea» erabaki duela jakinarazi baitu armadak aurten.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hor doa giza eskubideen aldeko ekintzailea auzitegira, eraso militarretan fosforo zuria debekatzeko eskaera aurkeztera. Ekintzailea abokatua ere bada, eta jakin badaki heriotza eragiterainoko erredurak eta arnasketa arazoak sor ditzakeela arma horrek. Israelgo armadak ere baditu bere abokatuak, ordea, eta material horren erabilera ez duela debekatuko erantzun dio ekintzaileari. Yair Naveh Israelgo armadako estatu nagusiko bigarrenak, badaezpada ere, argi utzi dio zergatia: Gazako etorkizuneko operazioren batean arma hori «ahalik eta gutxien» erabiltzeko agindua emana dauka.

Urtarrileko kontua da. Jerusalem Post Israelgo egunkariak zabaldu zuen. Armadak ez zuen ezeztatu fosforo zuriarekin daukan harreman sutsuaren hamaikagarren atala.

Duela lau urteko salaketak

Su horrexek erre zuen Gaza, esate baterako, duela lau urte. AI Amnesty Internationalek, Human Rights Watch eta nazioarteko beste hainbat erakunde humanitariok salatu zuten, Berun urtua operazioaren inguruan, Israelek fosforo zuria erabili zuela Gazako biztanleen aurka. «Inolako zalantzarik ez» zegon, erantsi zutenez. Erabilera horrek, erakundeon arabera, 1997ko Arma Kimikoen Hitzarmena eta araudi humanitarioak hausten ditu. Pospolo kaxa erraldoi bihurtutako Gaza erraustuan, 1.400dik gora pertsona hil ziren orduan.

Salaketon aurrean, hasiera batean, ezetz erantzun zuen Israelek. 2009ko urtarrilaren 7an, ordea, armadako buru batek CNN telebista katean adierazi zuen: «Ezin dizut esan ziurtasun osoz fosforo zuria ez denik erabiltzen».

Azkenean, eta nazioarteko presioaren ondorioz, baiezkoa eman zuen Israelek, fosforo hilgarria erabili zuela Berun urtua erasoan. Ilan Malka koronelak eta Eyal Eisenberg jeneralak erabili zutela, erran nahi baita. Bi ofizial horiek ikertu zituen armadak, izan ere, NBEren errefuxiatu palestinarrentzako agentziaren Gazako egoitza fosforo zuriarekin erasotzea agindu zutelako. «Ofizial biek berenagintearen mugak gainditu zituzten, eta pertsonen bizitzak arriskuan jarri, fosforo bonbak erabiltzea onartu zutenean», bertsio ofizialaren esanetan. Ez zieten zigorrik ezarri.

Oraingo salaketa

Babeserako oinarria operazioan ere fosforo zuria erabiltzen ari da Israel, Joe Catner ekintzaile estatubatuarraren esanetan. Gazatik RT Russia Today telebista katean herenegun adierazi zuenez, hainbat ospital bisitatu berria zen eta hainbat medikuk esan zioten fosforo zuriak eragindakoak ematen zuten zauriak zituztela artatzen ari ziren zaurituek.

RT kateak Erresuma Batuko legebiltzarkide George Gallowayren adierazpenak ere jaso zituen, AEB Ameriketako Estatu Batuak aipatu zituelako Israelen aire, itsaso eta lur erasoetarako «arma eta fosforo zuri» hornitzaile gisa. «Gaza munduko kontzentrazio eremu handiena da», erantsi zuen Gallowayk.

AI Amnesty Internationalek ere behin baino gehiagotan salatu du AEBen jokaera arlo horretan. 2009ko otsailaren 23an argitaratu zuen txosten baten arabera, Bushek hamar urteko akordio bat lotu zuen bere garaian, Israeli 30.000 milioi dolar balio zuen hornidura militarra emateko. «Israelen arma hornitzaile nagusia denez, AEBek ardura berezia daukate gerra eta giza eskubide legeen haustura larriak ahalbidetzen dituzten akordioak geldiarazten». Israelek AIren txostena kritikatu zuen, eta legez kanpoko armarik ez duela erabiltzen nabarmendu.

Aurtengo maiatzean, Italiako eta Palestinako mediku talde batek Gazan egindako ikerketaren emaitzak argitaratu dira. Iazko maiatzaren eta irailaren artean Gazan malformazioekin jaiotako umeen gurasoen artean, %27 fosforo zuri erasoak nozituak ziren. Israelek auzitan jarri du ikerketaren zientifikotasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.