G8 taldea osatzen duten kideak -Alemania, AEBak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada dira- bat datoz 2050erako gas isurketak erdira murriztearekin; are gehiago, ordurako %80 isurketa gutxiago egiteko moduan izango direla uste dute zortzi nagusiek. Eta industrializazio garaitik Lurrak izandako berotzeko joerari ere eutsi ahalko diotela aurreikusten dute -bi gradu egin du gora Lurraren tenperaturak azken hamarkadetan-. Dena dela, Lurraren tenperatura beste bi gradutan handitzen bada, ondorioak benetan kezkagarriak izango direla ohartarazi diete adituek; baita klima aldaketaren aurkako borrokan neurri eraginkorragoak hartzeko eskatu ere, beste behin.
Akordiorik ez G5ekoekin
G8koen goi bilera gaur amaituko da; elikagai krisiak emango ditu L'Aquilako azkenak. Atzoko gai nagusia, berriz, klima aldaketa izan zen. G8koek herenegun adostu zuten euren deklarazio bateratua, baina hazkunde ekonomiko handia izan duten herrialdeen adostasunik ezean horrek indar handirik izango ez duela jakitun, G5ekoekin bildu ziren atzo -Brasilek, Hegoafrikak, Indiak, Mexikok eta Txinak osatzen dute-. Horiei euren konpromisoa zabaltzeko saioa egin zuten Ekonomia Handien Foroan; baina potentzia handien eta izateko bidean direnen arteko desadostasunak agerian gelditu ziren berriro. Barack Obama AEBetako presidenteak argi dio: «Klima aldaketaren inguruan diren desadostasunak gainditzea ez da erraza».
Ez zen sorpresarik izan, hortaz; India eta Txinak G8koek proposatutako murrizketak onartuko ez zituztela kontu jakina baitzen goi bilera hasi baino lehenagotik ere. Lurraren tenperatura igoerari eusteko konpromisoan baino ez dira bat etorri G8koak eta G5ekoak. Eta hori ere nola halako bideetatik lortu dute; neurri zehatzak Kopenhageko goi bileran eztabaidatu beharko baitituzte.
Atzoko saioan hitzartutakoak garrantzi berezia du urtehonen amaieran, Kopenhagen (Danimarka), IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak egingo duen goi bilerari begira -32 eguneko negoziazioak egingo dituzte goi bilera aurretik-. Izan ere, Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen ituna osatzekoa dute abenduan. Eta gehien kutsatzen duten herrialdeen jarrera erabakigarria izango da bertan. L'Aquilako konpromisoa mahai gainean dela, ordea, ez dirudi klima aldaketaren aurkako neurri eraginkorrak hartzeko aukerarik izango denik ere.
Dohako Erronda
G8koen eta G5ekoen artean akordiorik ez, hortaz, klima aldaketari dagokionean. Bestela gertatu da Dohako Errondarekin. Datorren urtean merkatuta liberalizatzeko negoziazioak amaitzeko konpromisoa hartu dute munduko herrialde aberatsenek eta potentzia izateko bidean direnek.
Dohako Errondak (MME) Munduko Merkataritza Erakundeak abiarazitako negoziazioak dira, eta merkatu librea ezartzea dute xede. Atzo sinatutako akordioan herrialde behartsuei euren garapenean laguntzeko konpromisoa ere jaso zuten.
EBko presidentetzarako Barroso aukeratu dute 27 estatu kideek
Durao Barroso Europako Batasuneko Batzordeko presidenteak karguan jarraitzea nahi dute EBko 27 estatu kideetako gobernuek. Alabaina, EBko Parlamentuak presidentea aukeratzeko bozketa ez duela hil honetan egingo berretsi du, hautaketa irailera atzeratuz. Orduan erabaki beharko dute europarlamentariek Barrosok karguan jarraitzen duen edo ez.Batzordeko presidentea aukeratzeko eskumena duen organoa da EBko Parlamentua; horregatik, legebiltzarkideen gehiengoaren sostengua lortu bitarte, Barrosok ezingo dio bigarren agintaldiari hasiera eman. Durao Barroso da presidentetzarako hautagai bakarra gaur egun.