Arazo berezirik gabe igaro ziren atzo Galiziako Legebiltzarreko bozak. Goizean besterik bazirudien arren, parte-hartzea duela lau urte baino sei puntu altuagoa izan zen, %70,46koa -2005ean %64,21ekoa izan zen-. Horrek PPdeG Galiziako Alderdi Popularrari egin zion mesede beste inori baino gehiago. Azken orduko inkestek 36 eta 38 diputatu artean ematen bazizkioten ere, aurreikuspen guztiak gainditu zituen Alberto Nuñez Feijoo zerrendaburu zuen taldeak, 39 eserleku eskuratuz. Gehiengo osoa, alegia.
Hauteskunde eskolak itxi eta berehala egin zituen PPren kanpaina arduradun Alfonso Ruedak lehen adierazpenak, esanez «bibrazio onak» zituela emaitzen gainean. «PP da galiziarrengandik gertuen dagoen alderdia, eta horrek harro sentiarazten gaitu». Zuhurragoa izan zen PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistako kide Ricardo Varelaren jarrera. Hark nahiago izan zuen azken emaitzen zain geratu. Sozialistek 24 eserleku eskuratu zituzten, duela lau urte baino bat gutxiago. Pontevedran zuten eserlekuetako bat PPren eskuetara igaro zen, gauza bera gertatu zitzaion BNG Bloke Nazionalista Galiziarrari ere Coruñan.
PSdeG egon da azken lau urteetan agintean Galiziako Xuntan, BNGrekin koalizioan. Azken horri 11 eta 13 diputatu artean ematen zizkioten azken orduko galdeketek. Hamabirekin geratu zen azkenean, orain arte baino bat gutxiagorekin. Aldiz, ordezkaritzarik gabe geratu ziren talde independentistak, bai FPG Galiziako Herri Frontea eta baita Nos-UP Nos-Unidade Popular ere. Gauza bera gertatu zitzaion zentroko TEGA Terra Galegari ere, hasierako datuek diputatu bat ematen bazioten ere, orduak joan ahala argi geratu zen Legebiltzarretik kanpo geratuko zela.
Santiagoko alderdiaren egoitzan egindako agerraldian Feijook eskerrak eman zien galiziarrei PPrengan agertutako konfiantzagatik. «Galiziako herriak ozen eta argi hitz egin du». PSdeGko buru Emilio Perez Touriño, Xuntako orain arteko presidentea, izan zen Feijoo zoriontzen lehena. «Espero dut datorren legealdia onuragarria izango dela Galiziarentzat, merezi duelako». BNGko buru Anxo Quintanak, berriz, galiziarren ondoan jarraituko dutela nabarmendu zuen, «une zailak» bizi dituztelako. «Ez da BNGrengatik negar egiteko garaia».
Hiru hautagaiak boto eske
Hiru hautagaiak 11:00ak aldera gerturatu ziren bozkatzera. Alderdi Popularreko zerrendaburu Nuñez Feijook Santiagon bozkatu zuen, eta gauza bera egiteko eskatu zien galiziarrei ere. «Espero dut Galiziako herriak argi hitz egingo duela». Antzeko adierazpenak egin zituzten Touriñok eta Quintanak ere. Biek ala biek «aro berri bat» hasteko botoa beharrezkoa zela nabarmendu zuten.
Bestalde, eguna orokorrean lasaia izan bazen ere, izan ziren hainbat bitxikeria. Santiagon, esaterako, hautesle batek nortasun agiria sartu zuen bozkalekuan, botoa beharrean. Zeresan gehiago eragin zuen hala ere Hauteskunde Batzorde Zentralaren azken orduko erabakiak. Izenen bat urratuta edo zerbait idatzita zeukaten boto paperak baliogabetzea erabaki zuen hark, BNGk eskatuta. PPdeGren Ourenserako zerrendaburu Luis Carreraren hautagaitza baliogabetu ostean sortu zen eztabaida. Boto paperak kaleratu ostean jakin zen Carrerak iruzurra egin ziola Ogasunari, eta beraz, popularrek zerrendetatik kanporatzea erabaki zuten.
Atzerritik bidalitakoen berri astebete barru emango dute iturri ofizialek. Dena den, horiek ez dute eragin handiegirik izango azken emaitzetan.
PP izango da agintean Galizian, gehiengo osoa berreskuratu ondoren
Sozialistek eta Bloke Nazionalista Galiziarrak diputatu bana galdu dute aurreko hauteskundeekin alderatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu