Gutxienez 60 pertsona hil ziren atzo Pakistango Baluschistan eskualdean herrialdearen hego-ekialdean, presa batek gainezka egin ondoren. Ehunka lagun, berriz, desagertuta daude. Hala, Shadi ibaiaren bokalean presatik 40 bat kilometrora salbamendu taldeek gutxienez 43 gorpu berreskuratu zituztela zehaztu zuen, arratsaldean, Baluchistango gobernadore Sayed Sher Jan Baluchek. Kaltetuak, orotara, 35.000 bat izan daitezkeela zioten atzo Pakistango iturriek. Bertako soldaduak zein agintariak elikagaiak eta sendagaiak banatzen aritu ziren kaltetuen artean. Bitartean, Pakistango Armadak, Poliziak, suhiltzaileek eta sorospen zerbitzuek ere salbamendu lanetan jardun zuten. Azken lau egunetan Pakistanen gertatutako eurite eta elurteengatik beste 50 lagun inguru hil dira.
Shadi Kor izeneko presa herenegun gauean hautsi zen eta urak aurretik eraman zituen Gwadar kostaldeko hainbat herri. Bertako etxe gehienak pezozkoak ziren. Baluchistandarrak beldur dira desagertuak hil ote diren. Hango agintarien arabera, bildutako urak presaren edukiera gaindutu zuelako gertatu zen zorigaitza. Pakistanen 19:00ak ziren istripua gertatu zenean. Halaber, inguru horretako herririk handienak, Pasnikek, dituen 5.000 biztanleen erdia «uholdeengatik harrapatuta» zegoela adierazi zuten. Pasni uharkaren azpian dago, hain zuzen.Pakistango Armadako tropek salbamendu lanetarako helikopteroak eta gomazko ontziak erabili zituztela nabarmendu zuen, Islamabad hiriburuan, Defentsa Ministerioak. Soldaduek mila bat pertsona ebakuatu zituela gaineratu zuen aipatutako ministerioak.Baluchistango hiriburua den Quetako iturriekPasnitik 700 kilometro iparraldera, berriz, gutxienez 30 bidaiari zeramatzan autobus baten desagerketaren berri eman zuten. Iturri horien arabera, puskatutako presak ateratako urek eraman zuten aurretik autobusa. Uraren indarrak zubiak eta telefono sareak ere lurreratu zituen, laborantzarako 20.000 hektarea baino gehiago txikitu eta ganadu mordo bat hiltzeaz gain; batik bat, ahuntzak.Uharka Pasnitik 40 kilometro iparraldera zegoen eta 2003an eraiki zuten. 800.000 dolarreko kostua izan zuen, 18 metro zen luze eta 170 metroko luzera zuen, berriz. Defentsa Ministerioaren esanetan, Armadako ingeniariak dikea zein egoeratan gelditu den ikertzen ari dira, ondoren hori konpontzeko asmoarekin.Joan den hamarkadaren erdialdeaz geroztik Pakistanen gertatzen diren eurite gogorrenak izan dira azken egunotakoak. Herenegun arte 50 bat hildako inguru eragin zituzten. Iragan asteazkenean, esaterako, familia bateko 12 kideak hil ziren, luizi batek beren etxea aurretik eraman ondoren. Mansehara hirian gertatu zen, Pakistango iparraldean, Islamabad hiriburutik 80 bat kilometrora. Quettatik 25 kilometrora dagoen Pishin herrian, ordea, beste familia bateko zortzi kideak hil ziren, uraren indarraaren ondorioz beren etxeko teilatua gainera erori zitzaienean.
Euriteek eta elurteek bere hartan jarraituko dute
Pakistango metereologia zerbitzuaren esanetan, eurijasa hauek ez dute aurrekaririk Pakistango hego-ekialdean. Prebisioek diotenez, gainera, hala euriteek hegoaldean nola elurteek iparraldean bere horretan jarraituko dute datozen egunetan.
Pakistango presidente Pervez Musharrafek euriteek zein elurteek eragin dituzten hildakoengatik «sakon minduta» zegoela adierazi zuen atzo. Kalteak handiagoak izan ez daitezen, premiazko neurriak hartzeko agindu zien eskualdeetako agintariei.
PAKISTAN
Presa batek gainezka egin eta 60 lagun hil dira gutxienez
Ehunka lagun desagertuta dira eta kaltetuak milaka dira; euriteek eta elurteek beste 50 hildako eragin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu