IRAKEKO OKUPAZIOA. HAUTESKUNDEAK

Presidenteak onartu du hautesle gehienek ez dutela bozkatuko

Legebiltzarrerako bozak dira gaur; bezperan, erresistentziak bozkalekuei eta AEBetako enbaxadari eraso die

2005eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Hauteskunde orokorren atarian, Irakeko behin-behineko presidente Gazi al Jaurrek aitortu zuen atzo hautesle gehienak ez zirela botoa ematera joanen, atentatuen beldurrez. Hain zuzen ere, erresistentziak bozketaren bezperan bertan bozkaleku andanari eraso zien. Erresistentziak AEBetako enbaxadari ere morteroz oldar egin zion. Eraso horien ondorioz, dozenatik gora lagun hil ziren. Saddam Hussein presidente ohiaren agintaldian boterean zen Baath alderdiak bozetan parte hartzea debekatu diote «itxurakeriatzat» jo zituen atzo boz hauek eta okupazio indarren aurkako indarkeria areagotzeko deia zabaldu zuen.

«Espero genuke irakiarrak botoa ematera joango direla, baina badakigu gehienak ez direla joango segurtasun arazoengatik; ez ostera boz hauek boikoteatzen dituztelakotz», adierazi zuen atzo kazetarien aurrean, Irakeko presidente Gazi al Jauarrek. «Irakiar oso gutxik arbuio diote hauteskunde hauei, baina gerta daiteke gehienak bozkatzerat ez joatea, bozkalekuetara hurbiltzeko beldurrez, batez ere segurtasuna erabat bermatuta ez dagoen eskualdeetan», gehitu zuen. Hain zuzen ere, egungo hauteskunde hauek odol jario bilakatuko dituztela agindu duten erresistentzia irakiarreko indarrek dozena bat bozkalekuren aurkako erasoak burutu zituzten atzo eta dozena bat lagunen heriotza eragin zuten. Oldar egite hauetatik odoltsuena Iranekiko mugaldean kokatua den Kurdistango Khanakin hirian gertatu zen. Eraso honetan sei lagun ekintzaile suizida barne hil ziren eta beste zazpi zauritu. PUK Kurdistango Batasun Patriotikoko eledun batek ziurtatu zuen ekintzaile suizida Abu Musab al Zarkauiren taldeko kide sudandar bat zela. Kurdistango beste herri batzuetako bozkalekuen aurkako erasoak jazo ziren atzo eta herenegun, hala nola, Bajuanen, Dohuken, Irbilen, Hauijan eta Kirkuken.

Baathen salaketa

Bagdaden bertan, zaitzapen handia duen Gune Berdean kokatuta izan arren, Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadari oldar egin zion erresistentziak. Erresistentziak botatako morteroek zibil bat eta militar bat hil zituzten, baita soldadu eta zibil bina ere zauritu. Bagdaden beti, polizia irakiar batek bizia galdu zuen Moktadia auzuneko bozkalekuaren aurkako erasoan eta beste bi hil ziren hiriburu hegoaldean gertatutako segada batean.

Irak erdialdeko Sueira hirian, zortzi mortero lehertu ziren Guardia Nazionalaren kuartelaren kontra. Hala, militar bat hil zuten eta beste bat zauritu. Duluiako kuartelean, hiru guardia nazional hil zituzten moteroz. Samarrako kale batean zart egin zuen bonba batek hiru zibil hil zituen. Ramadin, erresistentziak okupazio indarrekin lan egiteaz akusatzen zituen bost irakiarren gorpuak atzeman zituzten. Erresistentzia irakiarreko erakunde islamistek egungo hauteskundeetan parte hartzeko gogoa dutenei egindako mehatxuei Saddam Husseinen agintaldian boterean zen Baath alderdiak atzo plazaratutako salaketa gehitu behar zaio. «Okupazioa jasaten duen herrialde batean ezin daiteke hauteskunde demokratikorik izan», aldarrikatzen zuten eskuorri hauek, «borroka armatuaren bitartez soilik lortuko dugu zinezko askatasuna». Hauteskunde hauekin bilatzen den helburua «okupazioa zuzenlegezkoa egitea, naziarteko presentzia militarra sendotzea, Iraken ekonomia ondasunen lapurreta zilegi egitea eta irakiarrak makurraraztea da», nabarmentzen zuen Baathen oharrak.Gauzak horrela, Irakeko Atzerri ministro Hoshiar Zebarik uste du indarkeria ez dela gutxituko gaurko hauteskundeen ostean eta, aitzitik ere, areagotuko dela. «Matxinada armatuak jarraituko du eta, seguraz ere, areagotu egingo da», iritzi zion Zebarik, Frantziako Le Monde egunkarian atzo argitaratutako elkarrizketa batean. Alta bada, egungo bozak zuzenlegezko direla gaineratu zuen Zebarik.«Hauen ostean eratuko den gobernua zilegizkoa, herritarren nahiaren ordezkoa eta indartsua izango da» adierazi zuen.

-

Datua





7.700

Irakeko Legebiltzarrean 275 biltzarkide izateko esperoan, 7.700 hautagai lehiatuko dira gaurko hauteskundeetan. 75 alderdi eta 9 koaliziotan banaturik daude, eta 27 hautagai indibidual ere badaude. Era berean, Kurdistango Legebiltzarreko 111 eserlekuetarako 463 hautagai lehiatuko dira, eta eskualdetako biltzarrerako 10.800 kandidatu.

-

Kronologia





1920: Inperio Otomanoko zati izan ondoren, Erresuma Batuaren menpe geratu zen.

1921: Sirian koroa galdu zuen Faisal ibn Hussain Irakeko errege bihurtu zen.

1932: Irakek independentzia lortu zuen.

1958: Abdul Karim Kassem brigadierrak estatu kolpea eman zuen. Irak errepublika bilakatu zen. Kassemek lehen ministro kargua hartu zuen.

1963: Baath alderdi sozialista arabiarrak estatu kolpea eman zuen. Abdul Salam Aref presidente bihurtu zen. Azaroan, Baath gobernutik bota zuen.

1968: Baathek estatu kolpea eman zuen. Ahmed Hassan al Bakrek presidente kargua hartu zuen.

1969: Saddam Hussein Iraultzaren Zuzendaritza Nagusian sartu zen eta presidenteorde bilakatu.

1970: Iraultzaren Zuzendaritza Nagusiak eta Kurdistango Alderdi Demokratikoak (KDP) bake akordioa sinatu zuten.

1972: Irakek petrolioa nazionalizatu zuen.

1974: Bagdadek autonomia mugatua eman zien kurduei, baina KDPk baztertu egin zuen.

1979: Bakrek dimisioa eman zuen eta Husseinek hartu zuen presidentetza.

1980: Legebiltzarrerako lehen hauteskundeak 1958tik.

1980-1988: Irak eta Iranen arteko gerra.

1988: Halabjan milaka kurdu hil zituen Husseinen erregimenak, arma kimikoekin erasota.

1990: Irakek Kuwait inbaditu zuen. NBEk bahimendua ezarri zion. Iraki erasotzeko baimena eman zuen.

1991: Golkoko Gerra.

1992: NBEk Irak hegoaldean eta iparraldean hegaldatzea debekatu zion Bagdadi.

1994: Irakek Kuwaiten independentzia onartu zuen.

1995: Husseinek beste 7 urtez agintean egoteari buruzko erreferenduma irabazi zuen.

1998: NBEk martxan jarri zuen Petrolioa Elikagaien Truke programa.

2001: AEBek eta Erresuma Batuak bonbardaketak egin zituzten.

2002: Beste erreferendum bat irabazi zuen Husseinek. NBEko arma ikuskatzaileak Irakera itzuli ziren.

2003: AEBek Iraki eraso eta Hussein agintetik bota zuten.

2005: Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira gaur, AEBen okupaziopean.

-

XIITAK



 

Teokrazia ezartzea baztertu du aiatolaordeak





Gaurko hauteskundeetatik landa, Irakeko jendetzaren %60tik gora osatzen duten xiitak gehiengo zabal baten jabe izango dira botere egituretan. Hala eta guztiz ere, herrialdea teokrazia bat bilakatzeko arriskurik ez dela ziurtatu du Ali al Sistani aiatola nagusiaren idazkari Mouaffak al Rubaiek. Davos hirian (Suitza) egunotan egiten ari diren nazioarteko ekonomia foroan partaide da Al Rubaie, Bagdadeko gobernuaren segurtasun arazoetako aholkulari gisa. «Erlijioburu xiitek aholkularitza lan bat bideratuko dute eta ez agintaritza jarduera bat», azaldu zuen. «Herrialde askotarikoa da Irak; sunitek eta kurduek ere ordezkaritza nabarmena izango dute Legebiltzarrean, baita Konstituzio berriaren moldatzeko batzordeetan ere», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.