Presidentearen mapa genetikoan barna

Dominikarren burujabetzaren alde eta estatubatuarren esku hartzeen kontra altxatu zen Francisco Caamaño militarra. Duela 40 urte hil zuten. Ustez harenak diren gorpuzkiei DNA probak egiten hasi dira orain.

Francisco Caamaño koronela, eta haren gorpua, tirokatuta. BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2013ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Aita militarra zuen; militar egin zen bera ere. Aita Rafael Trujillo diktadorearen konfiantzako gizona izan zen, eta militar batek Dominikar Errepublikan lor zezakeen maila gorena lortzera —Armadako Estatu idazkari kargua— heldu zen horrexegatik. Bera, berriz, 1965eko Apirileko Iraultzako gidari gisa nabarmendu zen, gobernu konstituzionalaren defentsan eta estatubatuarren inbasio militarraren aurkako borrokan rol ezinbestekoa jokatuz. Herrialdeko presidentea izan zen 1965eko maiatzetik irailera bitartean. 1973ko otsailaren 16rako, Dominikar Errepublikako armadako buruek haren heriotzaren berria haizatu zutenerako, heroi nazional bihurtua zen. Joaquin Balaguerren diktaduraren kontrako gerrilla antolatzeko lanetan ari zen Caamaño hil zutenean.

Aurtengo urtarrilaren 15ean, Dominikar Errepublikako Gobernuak lege bat onartu zuen propio, Francisco Alberto Caamañoren gorpuzkiak Aberriaren Panteoira aldatzeko. Gorazarre Batzorde bat osatzea eta 90 eguneko epean leku aldatzea egitea aurreikusten zuen. Herenegun atera zituzten hobitik Caamañoren gorpuzkiak. DNA probak egiteko. «Derrigorrezkoa» zen proba horiek egitea, Jose Antonio Rodriguez Kultura ministroaren arabera. Herenegun kutxatik ateratakoak Caamaño koronelaren hondarrak ez balira haien bila segituko dutela erantsi du Francisco Dominguez Brito fiskal nagusiak.

Bada, hala ere, herenegun ateratako hondarrak Caamaño koronelarenak diren ala ez jakiteko modu zuzenagorik. Dominikar Errepublika erdialdeko mendietan, Nizaiton hil zuten Caamaño. Balaguer presidenteak hiru zibili bakarrik eman zien haren hilotza ikusteko aukera: Antonio Garcia Valoy argazkilariari, Jose Goudy Prats kazetariari eta Eladio Marino Guzman kameralariari. Militarrek eraman zituzten Nizaitora, hotza omen zen 1973ko otsailaren 17ko goiz hura. Garcia Valoyk atera zituen exekuzio argazki zuri-beltzak, Caamañoren ezker begi gaineko eta bihotz pareko bala zulo erreak agerian. «Atzerritar batzuk ere han ziren» hildakoari hatz markak hartzen, adierazi zuen argazkilariak joan den abenduko elkarrizketan. CIAkoez ari zela ulertu zuten askok.

AEBetako Gobernuaren eskua, izan ere, sarritan agertu da Dominikar Errepublikako historian. 1916tik 1924ra bitartean, esate baterako, herrialdea militarki okupatu zuten; eta 1930ean hasi zuen diktadura luzean, Rafael Trujillo jeneralak estatubatuarrak ondoan izan zituen ia beti.

Trujillo ostekoak

Trujillo 1961eko maiatzaren 30ean hil zuten, eta ondorengo urteetako borroketan ere agerikoa izan zen AEBen esku hartzea. 1963ko otsailean, Juan Boschek hauteskundeak irabazi eta herrialdeko presidente kargua eskuratu zuen. Erreforma sozial zenbait iragarri zituen; marxista izatea leporatu zioten; eta estatu kolpea jo zioten urte hartako irailean.

Estatu kolpe hura jo zutenen aurka altxatu zen Francisco Alberto Caamaño Deño koronela, hain zuzen ere, 1965eko apirilaren 24an. Lau egun geroago, 40.000 soldadu estatubatuarrek inbaditu zuten Dominikar Errepublika.

Lau hilabetez presidente izan ostean, Caamañok Hector Garcia Godoyren eskuetan utzi zuen boterea, hauteskundeak eta demokraziarako trantsizioa antola zitzan. Joaquin Balaguer atera zen garaile hauteskunde haietatik, 1966an. Caamañok Trujilloren oinordekotzat jo zuen. Koronela Kubara erbesteratu zen 1967an, eta 1973ko otsailaren 2an itzuli zen, zazpi burkiderekin batera, Balaguerren aurkako gerrilla borroka antolatzera. Bertsio ofizialaren arabera, otsailaren 16an hil zen, soldaduekin borroketan, bi kiderekin batera. 41 urte zituen.

«Guretzat, garrantzitsuena ez da Caamañoren hondarrak Panteoi Nazionalera eramatea, baizik eta hil zuten kriminalak epaitzea», esan zuen Claudio Caamañok duela urte eta erdi. Koronelaren lehengusu propioa eta burkidea bera, Nizaitotik bizirik atera zen bakanetakoa da. Hark esana da Balaguerrek bidalitako hiru kazetariek buelta eman orduko Caamañoren gorpua metrailatu, zatitu eta erre egin zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.