Benjamin Netanyahuren gobernuaren eskaintza Gazara eraman zuen atzo azken garaiotan bitartekaritza lanetan diharduen Ernst Uhrlau diplomatiko alemaniarrak. Hamasen eskuetan utzi zuen diplomazialariak dokumentua, eta, ondoren, jaioterrira itzuli zen, Gabonetako jaiak etxean ospatzeko asmoz. Tahar al Nunuk Hamaseko eledunak jarraituko duten prozedura azaldu zuen: «Iritsi zaigun proposamena zehatz aztertuko dugu, eta zerbait ebatziko dugularik, harremanetan jarriko gara bitartekariarekin». Hamaseko beste arduradun goren batek, izenik eman ez bazuen ere, zehaztu zuen ordezkaritza bat joango dela eskaintza atzerrian bizi diren erakundeko agintariekin aztertzera. Horrelakorik ez da sarritan gertatzen, eta, hainbat adituren ustez, Hamasek Israelen proposamena ontzat har lezakeen seinale izan daiteke hori.
Israelek astelehenetik astearterako gauean egin zuten bilera batean adostu zuen Gilad Shaliten askatzearen truke zer proposatuko zion Hamasi. Hitzartutakoaren berri eman ez badute ere, zenbait iturri bat datoz mila preso palestinar inguru aska litzakeela soldaduaren etxeratzearen ordainez. Iturri horien arabera, lehenik eta behin 450 palestinar askatuko lituzkete, eta beste 500 soldadua aske egon eta gero. Israelek, alabaina, betiere datu ez ofizial horiek aintzat hartuz, exijitzen du askatuko dituen preso palestinarretatik batzuk atzerrira deportatzea. Gazan gelditzea da testuan ustez preso horientzat zehaztu duten beste aukera, baina inolaz ere ez Zisjordanian gelditzea -Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionalaren presidentearen eskuetan dago Zisjordania-. Israelgo Maariv eta Haaretz egunkariek plazaratutako informazioaren arabera, Netanyahuren gobernuak Gazara edo atzerrira bidali nahi dituen ekintzaileak 100 eta 130 bitartean lirateke.
Aldekoak eta aurkakoak
Bere gobernuaren barnean akordio batera iristea ez zaio, antza, erraza izan Netanyahuri. Azken unera arte, hiru ministrok preso palestinarrak askatzearen kontrako jarrera tinkoari eutsi diote. Avidgor Lieberman Atzerri ministroa eta Danny Ayalon ministrordea -Yisrael Beitenu eskuin muturreko alderdikoak- eta Benny Bejin sailik gabeko ministrordea -Likud alderdikoa-
izan dira ministro horiek. Azkenean, alta, exekutiboaren gehiengoa trukerako proposamen bat egitearen alde agertu da.
Netanyahuk, ika-mika azaltzearren, adierazi du hautu zail bat egin behar izan dutela. Ehud Barak Defentsa ministroaren esanetan, «lehentasun handikoa» auzia da, baina «etsaiak» horretaz baliatuko liratekeela argudiatuz, trukea ez dela «kosta ahala kosta egin behar» uste du Eli Yishai Segurtasun ministroak.