PAE Palestina Askatzeko Erakundeak negoziatzeko jarritako baldintzetako bat partzialki onartu du Israelek, "preso batzuk" askatuta. 350 preso libre uzteko eskatu du PAEk hitz egiten hasteko, eta horietatik gehienak 1993an Osloko akordioak erdietsi baino lehenagotik daude preso.
Israelgo Gai Estrategikoetako ministro Yuval Steinitzek jakinarazi duenez, "preso batzuk" askatuko ditu Israelek, negoziazioak berriro abiatzeko atarian borondate ona adierazteko. Ez du kopururik eman, ordea. "Ez dut kopururik eman nahi, baina dozenaka urte espetxean egin dituzten preso garrantzitsuak askatuko dira", esan du Israel irratiak eginiko elkarrizketa batean.
Hala ere, ukatu egin du Israelek 1967ko mugak onartuko dituenik negoziazioei ekiteko baldintza gisa. "Ez dago aukerarik mugak definituz hasten diren negoziazioetan guk parte hartzeko", ohartarazi du.
Negoziazioen kontra azaldu da, ordea, Hamas. Mahmud Abbas PAEko presidenteak negoziatzaile gisa aritzeko zilegitasunik ez duela iritzita, Palestinaren eta Israelen arteko bake elkarrizketak hastearen kontra agertu da erakundea. 2006an egin zituzten azkenekoz parlamenturako hauteskundeak Palestinan, eta Hamas garaile izan bazen ere, Al Fatahko Abbasek hartu zuen agintea.
"Kerryren iragarpena bazertzen du Hamasek, eta PAE negoziazio mahaira itzultzeak adostasun nazionalaren kontra egiten du. Abbasek ez du zilegitasunik Palestinako herriaren izenean giltarri diren gaiez hitz egiteko", adierazi du erakundeko bozeramaile Mahmud Abu Zuhrik.
NBEren babesa
Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki Moonek, berriz, Israelgo eta Palestinako agintariei eskatu die bi estatuen eraketa ahalbidetuko duen irtenbide baten alde lan egin dezaten.
Kerryk eginiko diplomazia lana goraipatu du Banek, ohar baten bidez. Atzo Kerryk berak iragarri zuenez, ia hiru urteren ondoren Israelgo Gobernuko eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeko negoziatzaileak elkarrekin bilduko dira.
"NBEk negoziazioen eta lurraldean erabateko bakea lortzearen aldeko edozein ahalegin babestuko du", gaineratu du Banek.
Lau urtez ez atzera ez aurrera
Negoziazioei berriz ekiteko borondatea txalotu du Tzipi Livni Israelgo Justizia ministroak, eta gaineratu du hala egiteak eten egingo duela lau urtez "ez atzera ez aurrera" egondako epea.
"Israelen segurtasuna eta interes nazionalak mantenduko ditugu negoziazioetan", adierazi du Livnik. Negoziazioa "abagune bat" dela nabarmendu du, baina aitortu du "behin hasita", ez dela "erraza" izango. Gaineratu du Israelen segurtasunerako eta ekonomiarako "zuzena" dela negoziazioak abiatzea.