"Preso politikoak" ikusteko baimena ukatu dietela salatu du eurodiputatu talde batek

Espainiako Gobernuaren jarrera "oso larria" dela salatu dute eurodiputatuek, eta gogorarazi dute, nazioarteko legediaren arabera, Europako edozein espetxetan sartzeko eskubidea dutela.

Jose Bove da espetxeetara joateko baimena eskatu duen hamasei eurodiputatuetako bat. GAIZKA IROZ, ARGAZKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2017ko azaroaren 30a
16:35
Entzun

Hamasei dira Espainian preso dauden Generalitateko kontseilariak eta presidenteordea ikusteko baimena eskatu dute eurodiputatuak, baina orain arte oztopoak besterik ez dituzte aurkitu. "Ez digute azalpenik ematen, soilik esaten digute ezin dugula joan", adierazi du Eleonora Forenzak, Italiako ACN alderdiko kideak. "Errespeta gaitzaten eskatzen dugu. Herritarrek demokratikoki aukeratutako politikariekin hitz egin nahi dugu, ez besterik".

Estremera, Soto del Real eta Alcala Mecoko espetxeak bisitatzeko baimena eskatu duten eurodiputatuetako bat da Jose Bove, Frantziako ezkerraren ordezkari ezaguna. Bovek justiziaren jarrera salatu du eta nabarmendu kontseilariek espetxetik ateratzeko modu bakarra dela Espainiako Gobernuak dioena onartzea. "Epaile bat horrekin ados ez badago arazoak izan ditzake, ez direlako beraiek erabakiak hartzen dituztenak, eta hori Europako Batasunaren arazoa ere bada".

Marie-Pierre Vieu frantziar eurodiputatuak ohartarazi du "euren iritziengatik" espetxeratu dituztela Kataluniako politikari eta eragile zibilak. "Espainiako Gobernuak onartzen ez dituen ideiak defendatzea izan da euren delitua". Eurodiputatuek eskatu dute berehala aska ditzatela preso politikoak, eta iragarri dute presio egingo dutela euren herrialdeetan, Espainiako agintariekin bitartekaritza lana egin dezaten.

Gorenaren erabakiaren zain

Hain zuzen ere, bihar dira Gorenera deklaratzera joatekoak Kataluniako prozesu subiranistarekin lotuta espetxeratutakoak: Oriol Junqueras presidenteordea, kartzelan dauden beste zazpi kontseilariak, eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalanekoa. Goizeko bederatzietarako daude deituak auzitegira.

Aste honetan bertan aurkeztutako helgiteetan auziperatuek argudiatu dute ez dutela ihes egiteko asmorik, eta abenduaren 21eko bozetara aurkezteko asmoa dutela. Haien abokatuen itxaropena da Pablo Llarena epaileak helegiteak onartu eta aske utziko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.