Prevalen ordezkoa lehiatik at gelditu da Haitin, Martellyren mesedetan

Polizia bat eta zibil bat hil dituzte hiriburuan; dena den, espero baino istilu gutxiago izan dira hauteskundeen harira

Samara Velte.
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Azkenean, Michel Martelly izango da Mirlande Manigatekin Haitiko hauteskundeetako bigarren itzulian lehiatuko den hautagaia, eta ez Jude Celestin, lehen itzuliko bozek hasieran emandako emaitzek ziotenaren kontra. Behin-behineko hauteskunde batzorde batek hartu du erabaki hori; oposizioak hauteskundeetan iruzurra salatu ondoren, berriro aztertu ditu emaitzak. Celestin, Rene Preval oraingo presidentearen alderdiko hautagaia, lehiatik kanpo geldituko da, beraz.

Abenduaren 7an jakinarazi zituzten lehen itzuliko emaitzak; haien arabera, Manigat oposizioko hautagaia irten zen garaile, eta Celestin bigarren. Martelly lehiatik at utzi zuten. Emaitza jakin bezain laster, iruzurra salatu zuten Martellyren aldekoek; zenbait egunez liskar latzak sortu ziren Port-au-Prince hiriburuan. Horren ondorioz, AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak bozak berrikusi eta Celestin bozetatik kanpo uztea gomendatu zuen.

Hori jakinda, hauteskunde batzordeari bi aukera baino ez zitzaizkion gelditzen: oposizioari eta AEEri kasu egitea, edo indarrean dagoen alderdiaren alde egitea. Berez, herenegun zen erantzuna ematekoa, baina azkenean uste baino gehiago luzatu da erabakia. Egun horietan, tentsio handiko giroa izan da Port-au-Princen; abenduan bezalako protestak izango zirelakoan, Poliziak hartu ditu kaleak. Tiroketa batean bi lagun hil ziren atzo, polizia bat eta harekin zihoan zibil bat; baina, horretaz gain, ez da esperotako istilutik izan.

Martxoaren 20an eman beharko dute berriz botoa haitiarrek, Manigat eta Martellyren artean erabakitzeko. Manigat Demokrata Nazional Aurrerakoien Asanbladako hautagaia da faboritoa. Bozak irabazten baditu, Haitiko lehen emakumezko presidentea izango da.

Iraganeko mamuak

Lurrikara, kolera eta iruzurra kontuan hartuta, ezin esan Haitiko egoera politikoa erraza denik. Nazioarteko behatzaile askok esan dute Haitiri orain komeni zaiona segurtasun eta egonkortasun apur bat dela; horregatik hartu dute gehienek eszeptizismoz Jean Claude Duvalier diktadore ohiaren itzulera: 25 urte erbestean egin ondoren «laguntzera» bueltatu da, eta ustelkeria, diru publikoa desbideratzea eta milaka herritar hiltzea egotzi izan dioten arren, aske dago.

Duvalierrek dena ukatu duen arren, hark Suitzako bankuetara eramandako 5,7 milioi dolar konfiskatzen hasi dira, diru hori Haitira itzultzeko. Orain arte, legediak ez zuen horrelakorik onartzen; «salbuespena» izan da Suitzako Gobernuaren erabakia.

Haitira itzuli nahian ari da Jean Bertrand Aristide presidente ohia ere. 2004ko altxamendu militarraz geroztik, Hegoafrikan dago erbesteratuta. Herenegun ehunka herritar atera ziren kalera haren etxeratzea eskatzeko; gobernuak esan du prest dagoela Aristideri pasaporte diplomatikoa emateko, hark horretarako eskaera formala egiten badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.