Gerra Ukrainan. Wagnerren matxinada

Prigozhinen eskaera gorabehera, Xoigu Errusiako tropekin bildu da

Moskuko hedabideen arabera, Wagnerreko buruaren aurkako zigor auzibidea irekita dago. Putinek hiru aukera eman dizkie mertzenarioei: «familiarengana itzuli», armadan sartu edo Bielorrusiara joan

Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroa ezkerreko eskuarekin militar batzuei zerbait adierazten, Kremlinek atzo zabaldutako bideoan. EFE.
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Jevgeni Prigozhin Wagner taldeko buruak ohartarazpen bat egin zuen larunbat eguerdian, Kremlinen kontrako matxinada artean martxan zegoenean: ez zutela etsiko Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroa atxilotua izan arte. Errusia Wagnerrekoekin borrokatu da fronteko zenbait gunetan, eta, besteak beste, muniziorik ez ematea egotzi izan dio mertzenarioen buruak. Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearen bitartekaritzari esker, ordu batzuk geroago eten zuten matxinada, baina Moskuk ez du Xoiguren aurkako neurririk hartu. Are, Errusiako Defentsa Ministerioak bideo bat zabaldu zuen atzo, zeinean Xoigu agertzen zen buruzagi militarrekin hitz egiten. Ministerioak kaleratutako oharraren arabera, Ukraina ekialdean borrokatzen ari diren tropa batzuekin bildu zen.

Orduan, ez dago argi ez zein ondorio ekarriko dituen larunbatean gertatutakoak, ez, praktikan, zein konpromiso hartu dituzten batzuek eta besteek. Prigozhinek matxinada eten zuen, Kremlinekin adostu zuelako, Lukaxenkoren bitartez, haren kontra matxinadagatik Errusiako FSB Segurtasun Zerbitzu Federalak hasitako zigor auzibidea etengo zuela —nazioari traizio egitea egotzi zion Vladimir Putin Errusiako presidenteak Wagnerrekoen buruari—. Matxinadagatik Errusian ezartzen dituzten kartzela zigorrak hamabi eta hogei urte bitartekoak izaten dira. Baina, RIA Novosti Errusiako berri agentziak fiskaltzaren iturriak aipatuz atzo kaleratu zuenez, ez dute artxibatu Wagnerren buruaren aurkako auzibidea.

Gainera, akordioan jaso zutenez, eta Errusiako Gobernuak hala baieztatu zuenez, Prigozhin Bielorrusian erbesteratu ahal izango da. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailearen esanetan, «segurtasun bermeak» eskaini dizkiote. Ez dakite non dagoen. Hori bai, atzo audio bat zabaldu zuen, eta horretan esaten du, besteak beste, matxinadaren helburua ez zela «gobernua eroraraztea», baizik eta «protesta egitea». Larunbat gauean agertu zen azkeneko aldiz jendaurrean, Rostov Don hirian —hura kontrolpean izan zuten mertzenarioek—.

Larunbatean Moskutik 200 bat kilometrora gelditu ziren mertzenarioak non dauden ere ez dute zehaztu. Prigozhinek adierazi zuen atzera «baseetara» itzultzekoak zirela. Kremlinekin adostutakoaren arabera, horiek ere ez dira jazarriak izango. Larunbateko matxinadan parte hartu ez zutenak, bestalde, Errusiako armadan integratu ahal izango dira. Izan ere, aintzat hartu behar da Errusiako Defentsa Ministerioak agindu bat kaleratu zuela duela bi aste pasa, eta, horren arabera, «boluntarioen taldeak» armadako parte bihurtzera behartuta daudela larunbata baino lehen. Prigozhinek erabaki hori kritikatu zuen, eta azpimarratu ez zutela urrats hori egingo.

Putin atzo gauean mintzatu zen, eta hiru aukera dituztela esan zien mertzenarioei: «familia eta lagunengana itzuli», Errusiako armadan sartu, ala Bielorrusian erbesteratu. Aldiz, ez zuen argitu Prigozhinen eta Wagnerren etorkizuna zer-nolakoa izango den; hori bai, paramilitarren buruaz mintzatu zen, haren izen-abizenak aipatu gabe, eta berriz adierazi zuen «traidore bat» dela.

Edonola ere, larunbateko gertakarien eta erabakien harira, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak azaldu zuen, RT Errusiako hedabideak lehenago jaso zuenez, Wagnerreko kideek Afrikan jarraituko dutela. Errusiak mertzenarioak baliatu ditu kontinente horretan eragina handitzeko. Autokratek laguntza eskatzen zieten, eta, trukean, baliabide naturaletarako eta lehengaietarako sarbidea eman izan diete; besteak beste, Libian, Sudanen, Afrika Erdiko Errepublikan eta Malin, esaterako.

Bitartean, FSBk jakinarazi du indargabetu egin duela Mosku hiriburuan ezarritako «terrorismoaren kontrako erregimena». Kremlinentzat, larunbatekoa izan zen Errusiako barne egoera «ezegonkortzeko» saiakera bat. Hori esan zuen, atzo, Mikhail Mixustin lehen ministroak, telebista bidez eman zuten bere kabinetearen bilera batean.

Borrellen kezka

Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuaren esanetan, Errusian «ezegonkortasun politikoa» egotea ez da berri ona, aintzat hartuta «potentzia nuklear bat» dela. «Horri ere erreparatu behar zaio», adierazi zuen atzo. Nabarmendu zuen, nolanahi ere, matxinada saiakeraren bidez Errusiaren «hauskortasuna» geratu dela agerian. Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak beste ikuspuntu batetik begiratu dio gertatutakoari, eta adierazi zuen matxinada saiakerak erakusten duela «hutsegite estrategiko bat» egin zuela Putinek Ukraina inbadituz.

Txinak, berriz, Errusiako «barne auzitzat» jo du larunbateko matxinada, eta, Pekingo funtzionarioek hango hedabideetan atzo azpimarratu zutenez, «ameskeria bat» da Mendebaldeak Kremlinen detektatutako hauskortasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.