Italia

Prodi Italiako lehen ministroak Senatuari babesa eskatuko dio gaur

Atzo Diputatuen Ganberan ez bezala, seguruenik ez du babes nahikorik lortuko, eta bere postua kolokan jar daiteke. Gobernuko alderdien artean arazoak dituzte.

2008ko urtarrilaren 24a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurreikusia zegoen bezala, Diputatuen Ganberaren konfiantza botoa lortu zuen atzo Romano Prodi Italiako lehen ministroak, eta gaur Senatuarena eskatuko du. Baliteke, ordea, Senatuan babes nahikorik ez lortzea. Hala, aukera bat da Prodik dimisioa ematea. Senatuko bozketaren aurretik, Giorgio Napolitano Italiako Errepubliko presidentearekin elkartuko da.

Atzo Diputatuen Ganberan eginiko bozketan 326 diputatuk eman zioten babesa Prodiri, eta 275ek, aldiz, kontrako botoa. Konfiantza mozioa behartu zuen alderdiak, UDEUR Europarako Demokraten Batasunak, ordea, ez zuen bozketan parte hartu, bere 14 diputatuen botoek bozketaren emaitza baldintzatuko ez zutela iritzita. Haatik, gaur Senatuan egingo duten zentzu bereko bozketan parte hartuko dute.

UDEURek konfiantza mozioa eragitearen arrazoia bere buruzagi Clemente Mastellaren dimisioan datza. Izan ere, joan den astea arte Prodiren gobernuan Justizia ministro zen, baina ustezko ustelkeria politikoagatik ikertzen ari zirela jakitean, dimisioa ematea erabaki zuen Mastellak.

Gaur Senatuan egingo duten bozketan bere hiru senatariek Prodiren aurka bozkatuko dutela jakinarazi du UDEURek. Duela gutxi arte koalizio gobernua sostengatu duten beste senatari batzuek ere Prodiri ezezkoa emango diotela azaldu dute, baina behatzaileen esanetan, boto asmoaren gaineko halako adierazpenak ohikoak dira Italiako Legebiltzarrean, baita bozketa baino lehenxeago iritzia aldatzea ere.

Nolanahi ere, UDEURen babesa galtzearekin batera, Senatuan zeukan gehiengoa ere galdu du Prodi buru duen koalizioak. Soilik bi senatariren aldea zeukan lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.