Programa nuklearra negoziatzeko prest dago Iran

«Berandu baino lehen» bildu nahi du Teheranek 5+1 taldearekin elkarrizketei ekiteko

Erredakzioa
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Teheran prest dago 5+1 taldearekin bere programa nuklearraren inguruko negoziazioei berrekiteko. Halaxe jakinarazi du Ali Akbar Salehi Irango Atzerri Ministroak. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek —AEBak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina— eta Alemaniak osatzen dute 5+1 taldea. 2010eko abenduan eta 2011ko urtarrilean bildu zen azkenekoz Teheran taldearekin. Harrezkero tentsioa nabarmen igo da Mendebaldearen eta Iranen artean: AEBek eta Israelek, besteak beste, arma nuklearrak eraikitzen aritzea egozten diote Teherani.

Europako Batasuneko diplomaziaburu Catherine Ashtonek iragan urrian bidali zion bilerara deitzeko eskaera Said Jalili Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariari, eta hark esan du Iran prest dagoela negoziazioetarako, «berandu baino lehen» biltzea espero duela. «Uste dut 5+1 taldearekin izango dugun hurrengo elkarrizketa ondo amaituko dela, beste aldeak orain Irango auzi nuklearrari konponbide bat bilatzeko interesa duelako».

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako behatzaileek hiru eguneko bisita bukatu eta biharamunean agertu du negoziaziorako prestutasuna Teheranek. Bisita «giro egoki eta eraikitzailean» egin dela esan du Mahmud Ahmadinejaden gobernuak, eta Herman NaeckertsIAEAko misioaren arduradunak Iranen asmo ona nabarmendu du. «Konpontzeko dauden auzi guztiak bideratzeko prest gaude, eta iraniarrek ere prest daudela diote. Lan asko dago oraindik egiteko». Otsailaren 21ean itzuliko dira behatzaileak Iranera.

Mossad, AEBetan

Mossad Israelgo zerbitzu sekretuen buru Tamir Pardok Irani buruzko elkarrizketa sekretuak izan ditu AEBetako zenbait goi kargudunekin, Haaretz egunkariaren arabera. CIAko eta AEBetako Inteligentzia Nazionaleko zuzendariekin eta Senatuko Inteligentzia Batzordeko presidentearekin bildu zen Washingtonen. Iranek azken bi urteetan lau zientzialari nuklear hiltzea leporatzen diete Mossadi eta Washingtoni.

Bestalde, Ahmadinejadek iragarri du defentsa arloko aurrekontua bikoiztu egingo duela. 405.000 milioi dolar inguru izango ditu Defentsa Ministerioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.