Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak adierazi du aurki programa nuklearraren «lorpen handi» bat iragarriko duela. Ez du lorpenaren inguruko zehaztasunik eman, baina nazioartearekin duen gatazka indartu dute haren hitzek. Izan ere, nazioarteko herrialde asko, AEBak eta Israel buru, kezkatuta daude uste dutelako Iranen programa nuklearrak helburu militarrak dituela. Herrialdearen Iraultza Islamikoaren 33. urteurrenaren ospakizunetan egin ditu Ahmadinejadek adierazpen horiek.
Milioika lagun atera dira herrialdean iraultzaren urteurrena ospatzera. Era horretan, azken hilabeteetan nazioarteko zenbait herriren presioa jasaten ari den gobernuari babesa eskaini nahi izan diote herritarrek. Ali Akbar Salehi Atzerri ministroak adierazi du ez dutela etsiko «mehatxuen aurrean». Teheranek «gertaera guztiei» aurre egiteko beharrezko neurriak hartu dituela gaineratu du. Nazioartearen mehatxuak «serio» hartzen dituztela dio Salehik, eta «aukera okerrenari» aurre egiteko prest daudela.
Azaroan IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Iran bonba nuklearra lortzeko asmotan lanean aritu zela jakinarazi zuenetik nazioarteak Teheranen aurkako presioa handitu du. AEBek eta EB Europako Batasunak Iranen aurkako zigorrak indartu dituzte azken asteotan. Ahmadinejadek, baina, gogor erantzun du, eta bere programa nuklearra erabilera zibilerako soilik dela nabarmendu du, behin eta berriz.
Bozak bigarren planoan
Programa nuklearraren eztabaidak eklipsatu egin ditu martxoan egitekoak diren legebiltzarreko bozak. Hori horrela, iraultzaren urteurreneko ospakizunak herritarrei boza ematera bultzatzekobaliatu ditu erregimenak.
Atzo, hain zuzen ere, hauteskundeetan parte hartzeko aurkeztu diren 5.300 hautagaitzetatik 3.400 onartu zituen Irango Zaindarien Batzordeak. Erakunde politikoen erabakien gainean beto eskubidea dauka batzordeak.
Programa nuklearraren «lorpen handi bat iragartzear» dago Iran
«Mehatxuak direla-eta» ez duela etsiko esan die Teheranek gobernua babestera atera diren herritarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu