Abokatua eta unibertsitateko irakaslea

Esteban Rodriguez Alzueta: «Protesta sozialik gabe ez dago demokraziarik»

Gobernuaren aurkako manifestazioak kriminalizatzeko protokolo bat egin dute Argentinan. Alzuetaren ustetan, protestak amaitzea du helburu.

(ID_17060009806255) (/ESTEBANRODRIGUEZALZUETA)
BERRIA
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2024ko urtarrilaren 24a
05:05
Entzun

Esteban Rodriguez Alzueta abokatua eta unibertsitateko irakaslea da, eta urteak dira protesta sozialaren kriminalizazioarekin lotutako gaiak ikertzen dituela. Gai horrek garrantzi handia hartu du azken egunotan Argentinan, Bullrich protokoloa izenekoa ezarri baitute, Javier Mileiren gobernuko Segurtasun ministro Patricia Bullrichi erreferentzia eginez.

Presidente ultraeskuindarra izugarrizko murrizketak egiten ari da, eta, hain justu, protokolo horren helburua da protestatzeko saio guztiak geldiaraztea, baliogabetzea, zigortzea eta zapaltzea.

Zer da Bullrich protokoloa?

Protokoloaren helburua kaleko protestak amaiaraztea da. Protesta egiteko eskubidea oinarrizko eskubide bat da, beste eskubide batzuk hartzen baititu: nik ezin badut protesta egin, nekez baliatu ahal izango ditut konstituzioak aitortzen dizkidan beste eskubideak.

Eskubideak gizartearen konkistak dira; beraz, eskubideak konkistatzeko behar izan zen mobilizazio bera behar da ondoren eskubide horiek erabiltzeko, baita agintariek arazo jakin batzuk aitortzea ere. Gainera, protesta sozialik gabe ez dago demokraziarik, hori baita mesfidantzaren adierazpena.

Tarteka-tarteka, herritarrek hautagai baten alde bozkatu behar dute, eta, botoa emanda, konfiantza pixka bat izan behar dute harengan, baina botoa ez da txeke zuri bat, are gutxiago gurearen moduko gizarte batean, zeinean aspalditik ordezkaritza krisi bat baitago eta alderdi politikoek gero eta zailtasun gehiago baitituzte gizarteko sektoreen babesa lortzeko.

Zer iruditzen zaizu oraingo egoera, beste garai batzuekin konparatuta?

Protokolo berri honek 90eko hamarkadaren bukaerara garamatza atzera; orduan ere, zigor kodean oinarrituta arautzen ziren protestak, eta ez konstituzioan oinarrituta. Eta protestei horrela begiratzen zaienean, galdera izaten da nolako zigorra merezi duten protestariek.

Protestak konstituzioan oinarrituta arautzen direnean, berriz, galdera da protestariek nolako babesa behar duten beren arazoak adierazi ahal izateko. Argentinan badago askotan esaten den esaldi bat: «Norberaren eskubideak besterenak hasten diren tokian bukatzen dira», hau da, zuk protesta egiteko eskubidea duzu, baina nik kalean ibiltzeko eskubidea dut. Gurpil zoro bat da: zuk kalean ibiltzeko eskubidea duzu, baina nik protesta egitekoa.

Beraz, zein da irtenbidea? Irtenbidea da eragileen egoerak aintzat hartzea; izan ere, eragile batzuek estatuaren babes berezi bat behar dute, egoera berezian daudela eta.

Leandro Barttolotta soziologoaren arabera, desberdintasun bat dago 2001eko eztandaren eta orain gertatzen ari denaren artean: haren ustez, gaur egungoak inplosio baten antz handiagoa du…

Bai, baina eztanda berberak dira; hau da, eztanda batzuk prentsan eta telebistan agertzen dira, eta beste batzuek barruan egiten dute eztanda, eta ez dira agertzen prentsan. Gaur egungoa bien arteko konbinazio bat da, eta hori da berria: gizartea zatitzen eta elkartasuna amaitzen ari den garai honetan gertatzen ari dira eztanda horiek, auzoak desantolatuz joan baitira.

«Ikusten ari gara peronismoak ezin dituela gidatu Mileiren gobernuaren aurka dauden herritarrak».

Kirchnerismoan, estatuak ahaleginak egin zituen gizarte mugimenduen izena beltzeko; pentsatu beharrean gizartea antolatzea zela elkartasuna sendotzeko bidea, antolamendu hori ordezkatzen saiatu zen. Horregatik ere, logika neoliberal batean oinarrituta jokatu zuen: bitartekaria alde batera uzten saiatu zen, eta harreman zuzen bat ezartzen estatuaren eta norbanakoaren artean.

Uste duzu gaur egun logika berrietan oinarrituta pentsatu behar dela?

Bai. Kontua da estatua, haren funtzionarioak eta militantzia gero eta urrunago daudela herritarrengandik, eta, beraz, beste eragile batzuek bideratu dute haserre horren parte handi bat.

Ikusten ari gara peronismoak ezin dituela gidatu Mileiren gobernuaren aurka dauden herritarrak.

Eta, langileen erdiak baino gehiago lan merkatu formaletik kanpo daudenez, sindikatu garrantzitsuenek ere zailtasunak dituzte gizarte mugimenduetatik gertu egoteko.

Zergatik gertatu da hori, estatuak alde batera utzi zituelako herritar batzuk, eta demokraziek gero eta jende gutxiago ordezkatzen dutelako?

Konstituzioak jasotzen duen esaldi polit batek zera dio: herriak ez du erabakitzen ez gobernatzen, eta bere ordezkarien bidez egiten du hori guztia, baina esaldi hori XIX. mendean idatzia da. Eta oraingo demokraziaz pentsatzean, hortxe dago XX. mendearen zama, eta ez gara konturatzen demokraziaz pentsatzean aintzat hartu behar direla langileen mobilizazioak, giza eskubideen aldeko taldeenak, emakumeenak, langabeenak, bizilagunenak eta haien biltzarrenak.

Hau da, herriak erabat erabakitzen eta gobernatzen du, eta esparru publikoa foro publiko bihurtuta egiten du hori, eta kalea erresonantzia kutxa bihurtuta. Iruditzen zait alderdi politikoek susmoz begiratzen dietela kaleko mobilizazio horrekin; izan ere, nolabait, alderdiek zailtasunak dituztelako daude herritarrak kalean.

Ez da kasualitatea XX. mendearen amaieran gizarte mugimenduak sortu izana, zeinak alderdien krisiaren adierazgarri baitira; orain, gizarte mugimenduen krisi bat ere badago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.