Polizia arrazakeria AEB-etan

Protestak AEB osora hedatu dira, eta gutxienez bi pertsona hil dira istiluetan

Beste gau batez, manifestazioak, kargak, istiluak eta ehunka atxiloketa izan dira estatu eta hiri nagusietan. Amnesty Internationalek salatu du Poliziaren erantzuna gehiegizkoa ari dela izaten.

Poliziaren auto bat sutan, New Yorken. JUSTIN LANE, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko maiatzaren 31
09:05
Entzun

Herrialde osora hedatu dira George Floyden heriotza salatzeko protestak, eta gutxienez bi pertsona hil dira istiluetan; lau ere izan litezke, zenbait iturriren arabera. Azken hildakoa Indiannapolisen izan da (Indiana), baina oraindik ez dute baieztatu manifestazioekin zerikusia duenik. Poliziak baieztatu duenez, tiroketa bat izan da Floyden heriotzagatik protesta egiteko manifestaziotik gertu. Tiroketan poliziarik ez dela egon ere gaineratu du.

Baieztatutako kasuak bi dira. Minneapolisko agintariek jakinarazi dute asteazkenean hil zela lehena. Calvin L. Horton Jr. zuen izena; 43 urte zituen, eta arpilatzen ari ziren bere bahitura etxearen aurrean hil zuten. Ostiralean, berriz, Detroiten 21 urteko gazte bat hil zen, bere autoan zegoela. Agintarien arabera, hiltzaileak hura ezagutu eta beste arrazoi batzuengatik hil zuen, manifestazioan jendetza zegoela baliatuz.

Beste hildako bat ere egon liteke, baina gertatutakoa ikertzen ari dira. Ostiral gauean, Oaklanden (Kalifornia), epaitegi federal bateko segurtasun zaintzaile bat hil zuten tiroz. Ken Cuccinelli Departamentu idazkariordeak "etxeko terrorismoko" ekintzatzat jo du hilketa. Gavin Newsom gobernadoreak, ordea, eskatu du ez lotzeko heriotza hori protestekin.

Bart, beste gau batez manifestazioak, kargak, istiluak eta, Minneapolisko alkateak atzo esan zuen bezala, "kaosa" hedatu dira herrialde osoan. Etxeratzeko agindua eman dute hainbat tokitan, eta Guardia Nazionala kalera atera da hamahiru estatutan. Minnesota, Ohio, Colorado, Wisconsin, Kentucky, Texas, Utah, Washington eta Missouri estatuetako gobernadoreek publikoki adierazi dute esku hartuko dutela. AEBetako Armada ere kalera ateratzekotan da, ABC News telebista kateak jakinarazi duenez. Larunbatean bezala, Washington hiriburuan ere istiluak izan dira, eta Etxe Zuria inguratu dute Poliziak eta zerbitzu sekretuek.

Amnesty International (AI) erakundeak salatu du Poliziaren erantzuna gehiegizkoa ari dela izaten, eta Donald Trump presidenteari eskatu dio uzteko alde batera "bere erretorika eta politika biolento eta baztertzailea". AIk arrazakeria eta zurien nagusitasuna ikusten ditu polizien jardunean. "Protesta baketsurako eskubidea errespetatzeko eta errazteko duen eginbeharra ez da betetzen ari Polizia, egoera tenkatuz eta manifestarien bizitza arriskuan jarriz". Militarki jokatzen ari direla gaineratu du, eta jarrera aldatu eta protesten deitzaileekin elkarrizketa hasi beharko luketela gaineratu du. Gehiegizko indarkeria erabiltzen ari diren poliziak ikertzeko ere eskatu du.

Ehunka atxilotu

Atxiloketak ehunka zenbatzen dira. Los Angelesen bakarrik, azken 24 orduetan 500dik gora pertsona atxilotu dituzte. Goizaldeko 05:30 arte etxeratzeko agindua dago. New Yorken ehun pertsona inguru atxilotu dituzte, eta protestak izan dira Harlemen, Brooklynen, Queensen eta Trump Dorrearen aurrean. Gainera, New Yorkeko Poliziaren auto bat hainbat manifestariren kontra joan da, eta horietako batzuk harrapatu ditu; ez dago zauriturik. "Batzuek poliziak zauritu eta euren autoak hondatu nahi dituzte", esan du alkateak. Bideo baten ikus daiteke nola inguratzen duten autoa manifestariek eta nola harrapatzen dituen autoak.

Chicagon ere manifestazioak izan dira Trumpen hotelaren aurrean. 3.000 pertsona baino gehiago atera dira kalera, eta istiluak izan dira. Etxeratzeko agindua eman dute han ere. Hala egin dute Miamin ere; Poliziak negar gasa erabili du manifestarien aurka, eta gaur igandean garraio publiko guztia bertan behera utzi dute. Philadelphian hamahiru polizia zauritu dituzte, eta Virginian bi, beisbol bate batekin jo ondoren.

Gainera, kazetarien aurkako hamar eraso ere zenbatu dituzte. CNN kateko telebista talde bat atxilotzeaz gain, Poliziak botatako pinturazko bola batek Linda Tirado argazkilariaren begi bat jo du, eta itsu utzi du begi horretan. Kentuckyn ere poliziaren jaurtigai batek kazetari bat jo du. Etxe Zuriaren aurrean, berriz, manifestariek Fox News telebista katearen kazetari bat jo dutela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.