Hong Kong

Protestak antolatu dituzte Txinako Segurtasun Legearen aurka

Hong Kongeko Gobernuak babestu egin du Txinaren proposamena, eta argudiatu «orain arteko lege hutsunea» amaitzeko balioko duela. Egitasmoa datorren astean bozkatuko du Pekinek.

Demokraziaren ldeko mugimenduko ekintzaileak, Segurtasun Legeari buruzko informazioa zalbaltzen. JEROME FAVRE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 22a
17:23
Entzun

Txinako Legebiltzarrean aurkeztuko duten Segurtasun Legeak zuzenean eragingo lieke Hong Kongeko demokraziaren aldeko protestei, nahiz eta sedizioa, sezesioa eta «atzerriko esku hartzea» bakarrik aipatzen dituen. Izan ere, Pekinek hasieratik lotu ditu protestak "atzerriko ekintzekin".

Legeak, protestak debekatu eta zigortzeaz gain, segurtasun indarren eskumenak ere indartzen ditu. Horiek ezkutuan eta modu mugatuan aritu dira orain arte Hong Kongen, baina, legea onartutakoan, publikoki esku hartu ahal izango lukete lurralde autonomoan.

Ostegun gauean aurkeztu zuen proposamena Wang Chenek, Politburoko kide eta Kongresuko lehen presidenteordeak. «Beharrezkoak ditugu legean oinarritutako neurri indartsuak, halako ekintzak aurreikusi, gelditu eta zigortzeko». Wangen hitzak txalo artean hartu zituzten legebiltzarreko kideek.

Hong Kongeko Gobernuak berak ere berehala babestu zuen Pekinen ekinaldia —legeak ez du behar lurralde autonomoko exekutiboaren onespenik—. Carrie Lam gobernuburuaren arabera, «estatu bat, bi sistema» ideia sendotzeko balioko du arauak.

Iaz azaroan barrutietako hauteskundeetan garaile irten zen oposizioak, berriz, protestara deitu du. Gaurko osoko bilkuran, Starry Lee legebiltzarreko presidentea inguratu dute, «Hong Kongeko herritarrak askatu!» oihukatuz. Azkenean, segurtasun indarrek kanpora atera dituzte oposizioko lau diputatu, eta eten egin behar izan dute bilkura.

Bestelako neurriak

Txinako Alderdi Komunistaren urteko batzarra berezia izan da aurten. Martxo hasieran egin ohi dute normalean, eta bi aste irauten du. Aurten, baina, bete-betean harrapatu ditu COVID-19ak, eta atzeratu egin behar izan dute, herrialdea bere onera itzuli arte. Saioa 60 segundoko isilaldi batez hasi zuten, gaitzaren ondorioz hildako 4.600 pertsonak gogoratzeko.

Parte hartzea bera ere neurtu egin dute agintariek, eta kazetari gehienek ezin izan dute bertatik bertara eman kongresuaren berri. Diputatuek, berriz, koronabirus probak egin behar izan dituzte Pekinera bidaiatu aurretik. Hain zuzen ere, birusarekin lotuta dago agendako puntu nagusietako bat, zeinak neurriak hartzea aurreikusten duen herrialdeko osasun sistema hobetzeko eta izurriak identifikatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.