Ustelkeriaren aurkako agentziak ahulduko dituen lege bat onartu zuen atzo Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, eta, 2022. urtetik lehen aldiz, gobernuaren kontrako protesta jendetsuak egin zituzten atzo Ukrainako hainbat hiritako kaleetan. Manifestariek presidentearen erabakiaren aurka egin ondotik, gaur Zelenskik jakinarazi du plan bateratu bat eginen duela NABU Ukrainako Ustelkeriaren Aurkako Bulego Nazionalarekin eta SAPO Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzarekin. Gaur bildu da agentzia horien ordezkariekin, eta bi asteko epea jarri du elkarrekin plan bat osatzeko. Zelenskik esandakoa gorabehera, manifestariak kalera atera dira gaur ere.
Hain zuzen ere, atzo onartutako lege proposamenak autonomia mugatzen die NABUri eta SAPOri; hots, ustelkeria kasuen aurkako mekanismoetan esku hartzeko eskubidea ematen dio Zelenskiren gobernuari. Hori horrela izanik, manifestariek NABUren eta SAPOren independentzia eskatzen dute.
Manifestazio horien ondotik, gaur bi agentziek salatu dute lege horrek ez diela uzten haien lana «behar bezala» egiten, eta «lehengora» itzultzea eskatu diote gobernuari. Izan ere, gaur argitaratu du Ukrainako Parlamentuak presidenteak onartutako dokumentu berria, eta, horretan zehazten denez, NABU eta SAPO fiskal nagusiaren ikuskaritzapean egonen dira hemendik aitzinera —fiskal nagusia gobernuak kontrolatzen du—. Alegia, agentziek ezinen dute beren kabuz jardun.
«Orain ez daukagu gure lana egiteko bermerik», aurpegiratu diote agentziek Zelenskiri, bilera bukatu ondotik argitaratutako ohar batean. «Modu eraginkorrean egiten genuen orain arte lan, eta gure lanak egiteko beharrezkoak zaizkigu berme horiek». Hain justu, Ukrainako presidenteak eraginkortasun horrekin justifikatu du lege proiektua, eta erran du ustelkerien kontrako mekanismoek «are fidagarritasun eta eraginkortasun handiagoa» izatea eragingo duela legeak.
«Denok entzuten dugu gizarteak zer dioen», erran zuen presidenteak atzo, lehen protesten ondotik. «Jendeak justizia bermatua eduki nahi du, eta instituzio bakoitzaren funtzionamendua eraginkorra izatea». NABUk eta SAPOk funtzionatzen jarraituko dutela azaldu zuen, baina «ezinbertzekoa» dela gobernuak legearen aurka doazenen «kontrola» izatea, «zigorra bermatu ahal izateko». Bide batez, Zelenskik uste du ustelkeriaren aurkako bi agentzia horiek Errusiaren influentzia dutela, eta, hori ziurtatzeko, espioitza operazio bat agindu zuen: NABUko hamabost ikuskatzaile espiatu zituzten.
Agentzien independentzia mugatzen duen lege horrek, bertzeak bertze, zenbait botere emanen dizkio Ukrainako Gobernuari, ustelkeria kasuen kontrola izatea errazten baitio. Protestan atera direnek, ordea, salatu dute ezen, mugimendu horrek presidentearen esku hartze politikoa ahalbidetzen duenez, atzerapauso bat izanen dela Ukrainako ustelkeriaren aurkako borrokan.
Zelenskik lege proiektu hori sinatu aitzinetik, 1.500 manifestari baino gehiago zeuden presidentearen egoitzaren kanpoaldean, Kieven, «lotsa» adieraztera joanak. Ukrainako bertze hiri batzuetan ere egin zituzten protestak, hala nola Dnipron, Lviven eta Odesan. Ukrainako The Kyiv Independent egunkariak bildu duenez, manifestariak «diktadurara itzultzeko beldur» agertu ziren, lege proiektua onartzen bada Ukrainak «zailagoa» izanen duelako Europako Batasunean sartzea. Gainera, salatu zuten NABU eta SAPO ahultzeko saiakera horrek «gobernuaren interesak» dituela oinarrian.
«Ustelkeria, botere gehiegikeria, gezurrak, gardenasunik eza, inpunitatea eta demokraziaren eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak jasaten ditugu, eta horrek amildegirantz darama Ukraina», kritikatu zuten manifestariek, The Kyiv Independent-ek kontatu duenez. Ukrainako gerra hasi zenetik, lehen aldia da herritarrek presidentearen aurkako manifestazio masibo bat egin dutena.
Politikarien erantzunak
Manifestariak ez ezik, nazioarteko hainbat politikarik ere adierazi dute kezka. Haien artean dira, erraterako, Mike McFaul AEB Ameriketako Estatu Batuek Moskun zuten enbaxadore ohia eta Toomas Hendrik Ilves Estoniako presidente ohia.
Marta Kos Europaren Zabalkunderako komisarioak manifestarien gauza bertsua adierazi du sare sozialetan, erran baitu Zelenskiren erabakia «gibelera» egitea dela, eta «zaildu» eginen duela Europako Batasunerako bidea.
Michael McGrath Justizia komisarioak prentsaurreko batean jakinarazi duenez, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azalpenak eskatu dizkio Zelenskiri, eta «argi» utzi nahi izan dio Europako Batasunean sartzeko, «lehenik eta behin, demokraziarekiko, zuzenbide estatuarekiko eta ustelkeriaren aurkako erregimenarekiko konpromisoa» hartu behar duela.
Kirilo Budanov Ukrainako defentsaren buruak, berriz, gerraren ondorioz sortutako desberdintasunak alde batera uzteko eskatu zien atzo gauean manifestariei eta gainerako herritarrei, eta dei egin zuen auzia «elkarrizketa ireki baten bidez» konpontzeko. «Helburu komun bakarra daukagu: gure herria defendatzea».
soldaduak ez ezik, zibilak ere trukatzea adostu dute UKrainak eta errusiak istanbulen
Ukrainako eta Errusiako ordezkariak Istanbulen (Turkia) bildu dira gaur, eta Errusiako iturri ofizialak aipatuta Tass berri agentziak kaleratu zuenez, soldaduak ez ezik zibilak trukatzea ere adostu dute bi aldeek. Bilerak ordubete ere ez du iraun, eta bi herrialdeek azkeneko hilabeteetan aurrez aurre egindako hirugarrena izan da. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak azken egunetan esan du oinarriak jarri behar direla beraren eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen arteko bilera baterako; Kremlinek, baina, elkarrizketa sailak sor ditzakeen espektatibak apaldu ditu.
Bitartean, elkarri erasoka jarraitzen dute. Ukrainak Errusia hego-mendebaldeko hainbat azpiegitura bonbardatu zituen atzo. Errusiak Ukrainako hamalau eremuri eraso zien, 26 dronerekin.