Katalunia. Generalitatea

PSCren abstentzioari esker eskuratu du presidentetza Artur Masek

CiUko buruak inbestiduraren bigarren saioan eskuratu du kargua, gehiengo sinplez; alderdikideen babesa baino ez du izanPSCrekin akordioa egin du CiUk, baina konpromisozkoa dela nabarmendu dute

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Atzokoa presidentea hautatzeko bigarren inbestidura saioa izan zen Kataluniako Legebiltzarrean, eta lehenengoan ez bezala, nahikoa sostengu lortuta atera zen handik Artur Mas Generalitate berriko presidentea izateko. CiUko alderdikideen 62 botoak eskuratu ditu, eta PSCren 28 botoen abstentzioari esker lortu du babesa, gehiengo sinplez —PPC, ICV, ERC, SI eta C's alderdiak kontra atera dira—. Herenegun Kataluniako alderdi sozialistarekin egindako akordioa izan da erabakigarria jarrera horretan. Hitzartutakoa asmo onen deklarazioa da gobernatzeko gida baino gehiago, hainbat gaitan hartutako «konpromisoa».

Masi azkenean iritsi zaio esperotako unea, zazpi urtean oposizioko buru izan ondoren, eta hemendik aurrera «kataluniarren zerbitzari, ez salbatzaile» izatea espero du, presidente «zintzoa, leiala eta eraginkorra». Inbestidura diskurtsoan haren aldeko apustua egin zuenarentzat izan ditu esker hitzak: Jordi Pujolentzat, «eztabaidatua» izan zelako haren izendapena. Jose Montilla orain arteko presidenteari ere joan zaio agurtzera, eta haren jarrera goraipatu du, «erabat instituzionala eta ondorengoei bidea ematen duina» izan delako. Gainerakoan, inbestidura saioa sutsua izan da, Parlamentuan ezohikoa, txalo eta oihu artean.

Kataluniako alderdi guztiek arrazoitu dute hartu duten jarrera. PPCk haserre egin du mintzaldia, PSCren akordioa Espainiako presidentearekin egindakoa dela esanez. Kataluniako nazionalistek, berriz, akordio horri baino garrantzi handiagoa eman diote independentziaren gainean CiUk erakutsi eta izango duen jarrerari.

Joan Puigcercosentzat (ERC) «garai zaila dator» Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Estatutuaren gainean hartutako erabakiaren ostean, eta salatu du CiUk ez duela batere asmorik Estatutua eta Konstituzioa erreformatzeko. Bozeramaileen batzordea eskatu du alderdiek erabaki horren inguruan jarrera hartzeko, «erabakiaren ondoren, errukigabeak izango» dira eta. ERC Masen ondoan egongo da, hala ere, «behar denean», baina ezezkoa eman du, «zehaztugabea» delako bere proposamenetan.

Joan Laportak (SI) paperik gabe egin du diskurtsoa, eta gogorrago aritu da Puigcercos baino. Bide autonomista amaitu dela uste du, eta independentziaren bidea har dezan eskatu dio, ez kataluniarrak «narkotizatuko dituen biderik». Baina Masek jarrera zintzoagoa eskatu dio Laportari: «Gauza bat da ez begiratzea lurrera, eta bestea lebitatzea».

PSCrekin akordioa

PSCk gidatutako hiruko gobernua amaitu da Katalunian, baina gobernuarekin akordio batera heldu da «herrigintzaren gaietan» eragiteko; abstentzioaren truke, hain zuzen. Sinatzaileek argi utzi duteasmo onen deklarazioa baino ez dela dokumentu horren izaera: «Ez da gobernagarritasun akordioa, datorren gobernuari bidea errazteko modua baizik. Ez du egonkortasunerako konpromisorik ordezkatzen». Elkarrizketaren eta adostasunaren aldeko deia egin du presidente berriak.

PSCrentzat, berriz, «ardura kontua» da akordioa «Kataluniaren onerako, ez Masi laguntzeko». PSCk aurkeztutako baldintzen zirriborroaren gainean egin dute akordioa. Herenegun, bi aldeak nahikoa gerturatu zirenean, CiUtik Josep Antoni Duran i Lleida eta Artur Mas gehitu ziren bilerara, eta PSCtik, Joaquim Nadal. Bi alderdietako buruzagiek itxita utzi zuten ezertara derrigortzeko modukoa ez den akordioa. PSCk gai handietan bere iritzia kontuan har dadin lortu nahi izan du,baina CiU ez dago hori onartzeko egoeran, sei eserleku besterik ez zaizkio-eta falta gehiengo osorako. Gainerakoan, hiruko gobernuak aurreko bi legegintzaldietan bultzatu dituen politikak barneratzen ditu, CiUren programarekin talka egiten ez dutenak—hainbatetan bat datoz—.

Itun fiskalaren gainean izan dituzte tirabira gehien, CiUren legegintzaldiko gai garrantzitsuenetakoan. Sozialistek ziurtatu nahi zuten ez duela egingo Generalitateko finantzaketa sistema erreformatzeko saiorik, baldin eta Parlamentuko bi heren lortzen ez baditu —CiUren eta PSCren botoak batuta—, baina Masen alderdiak ez du hori onartu, itun fiskalaren sarrera eragozten duelako horrek, eta gainerako alderdien sostengua izan dezakeelako.Konpromisoa hartu dute horretarako, bainahutsala da alde horretatik akordioa,berez derrigorrezkoa delako gehiengo kualifikatuek onartzea erreforma horiek.

Kataluniaren eta Espainiaren harremanari buruz ere izan dituzte desadostasunak. PSC gai horretan ere Parlamentuaren bi hereneko adostasunaren bila abiatu da herritarren galdeketei buruzko proposamenak egiteko, baina CiUk, berriz ere, «kontuan hartuko» duela esan du. Bi aldeek negoziazioen arrakastari buruz hitz egin dute, ohikoa den bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.