PSko primarioetarako lehia indartu dute Senaturako bozek
PS Frantziako Alderdi Sozialista presidentetzarako bozetara begira ari da aspaldidanik, eta Senatuan lortutako gehiengoak bere posizioa indartu du. Hala ere, hurrengo lehia alderdiaren barrenean bertan izanen da, urriaren 9tik 16ra bitartean eginen baitira presidentegaia aukeratzeko primarioak. Azken egunetan François Hollande eta Martin Aubry bi hautagai nagusien arteko lehia garraztu egin da, bien kanpainaz arduratu diren laguntzaileen arteko adierazpenei erreparatuz gero. Hollanden aldekoak «larrituta» daudela erran du François Lamy Aubryren kanpainaren arduradunak, eta Pierre Moscovici Hollanden taldekoak «eraso lotsagarriak» egitea egotzi dio bertze aldeari. Lehen buruz burukoa Senatuan bertan izanen dute, heldu den astearterako ganberako presidentea hautatu beharko baitute: Jean Pierre Bel Hollanden aldekoa eta Catherine Trauttmann Aubryren aldekoa dira hautagaiak. Senatuko emaitzekin, behintzat, Dominique Strauss-Kahnen auziak izan zezakeen eragin negatiboa uxatu dutela uste dute PSko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu