Gustura agertu ziren atzo Madrilgo gobernua eta CiU, eta hitzartutakoarekin bat egitera deitu zituzten ERC Esquerra Republicana de Catalunya eta Espainiako Alderdi Popularra. «Akordio honekin bat egiten ez duena etorkizunetik kanpo geratuko da. Gauza bera gertatuko zaio edozein arrazoirengatik itunetik at geratzen den Kataluniako alderdiari ere», adierazi zuen CiUko buru Artur Masek. Espainiako presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak akordioa bikaina izan zela esan eta Espainiako Konstituzioa «goitik behera» errespetatzen zuela nabarmendu zuen. PSOEko bozeramaile Alfredo Perez Rubalcabaren esanetan, berriz, oraindik «hutsune txiki batzuk» geratzen diren arren, sozialistak batasuna lortzen saiatuko testua onartzeko garaian. «Kataluniak autogobernurako duen borondatea islatzen du hitzarmenak».
Hauteskundeak
Masen arabera, Estatutua indarrean jartzea lan zaila izango da, «eta hori hirukoaren esku utziz gero, gauzak ez dira ondo aterako». Haren esanetan, Generalitateko presidente Pasqual Maragallek ez du legedia indarrean jartzeko denborarik izango, testua onartzen denetik bere agintaldia amaitzen deneraino hilabete batzuk soilik geratuko direlako, «eta hau hiru edo lau urteko lana izango da». Ondorioz, gobernu berri baten beharra nabarmendu eta Kataluniako hauteskundeak aurreratzeko eskatu zuen Masek. Era berean, desafio egin zion ERCri lortutako hitzarmena hobetzera. «Normala da ERC haserretzea akordioa PSOE eta CiUren artean lortu dugula ikusita. Gizakiok agertu ohi dugun jarrera da, ulertzen dut», azaldu zuen Duran Lleidak. Hala ere, Kataluniako Legebiltzarrean gehiengoa duen alderdia direla gogorarazi eta haiekin bat egitera deitu zituen errepublikanoak.
Kataluniako Alderdi Sozialistako (PSC) idazkari nagusi Jose Montillak ukatu egin zuen Zapaterok eta Masek Kataluniako hauteskundeak aurreratzeaz hitz egin zutela. «Generalitateko presidenteak soilik erabaki dezake bozak aurreratzea». Maragallek, berriz, argi utzi zuen atzo legealdia amaitzeko asmoa zuela eta, arazorik ezean, Estatutuari buruzko erreferenduma datorren udazkenean egingo zela, bozak baino urte bat lehenago. «Datorren astean estatutu berria izango dugu», esan zuen Maragallek. Gustura agertu zen Generalitateko presidentea. Haren esanetan, testua hasieran eskatzen zutenetik oso gertu dago. Kataluniarentzat estatutu berria lortzeko bidea PSCk hasi zuela ere gogorarazi zuen Maragallek. «Estatutu berria badugu, izango dugu. Nahi genuen hura da?. Ez da hori eztabaidatzeko lekua, baina seguraski hala da edo asko gerturatzen zaio. Argazkian ateratzeko obsesioak [CiUrengatik] ez digu filmaren gidoia ahaztarazi behar».
Ezezkoaren alde
ERCkoek, bestalde, argi utzi zuen finantzaketan aldaketarik egin ezean, beraiek ezezkoaren aldeko botoa eskatuko zutela iragarri zuten. Alderdiko idazkari nagusi Joan Puigcercosek azaldu zuenez, jada ez dago estatutu berririk, erreforma makal bat baizik. «Gu gehiago kezkatzen gara edukiengatik argazkiengatik baino, eta beraz Esquerrak ezin dio baietz esan hitzartutako testuari». Kexu agertu zen Puigcercos CiUk erabakiak «azkarregi» hartu zituelako. «Estatutua ukituta geratu da, eta finantzaketan murrizketa larriak egin dizkiote: 206tik 210eraino doazen artikuluak baliorik gabe geratu dira, eta gerta liteke Kataluniak dirua galtzea ere». ERCkoak gaur ziren biltzekoak Zapaterorekin, baina atzo, azken unean, bilerara ez joatea erabaki zuten. «Ez dugu Felipe Gonzalezek egin zuena egingo, NATOri ezetz esango ziola iragarri eta gero baietz esan».
Nazio hitza artikulatuan onartu ez izana kritikatu zuen ICV Iniciativa per Catalunyako presidente Joan Saurak: «Uste dugu egungo idatzia hobetuko duenalternatiba bat aurkitzea posible dela». Haren esanetan, finantzaketa ez da aurreko sistemaren jarraipena eta ezta sistema berri bat ere, bien tarteko zerbait baizik. «48 ordu lehenago hitz egindako gauza bera hitzartu du CiUk Madrilekin. Ez dago aldaketarik». Hala ere, Saurak argi utzi zuen ICVk testuaren alde bozkatuko zuela. Espainiako Gorteetako Harremanetarako ministro Francisco Caamañorekin bilduko dira gaur ICVko kide Joan Boada eta Joan Herrera. Bartzelonako Sant Jaume plazan bildu ziren atzo 70 bat pertsona CiUk eta Madrilek hitzartutako akordioaren kontra protestatzeko. Lotsaren itunaren kontra lemapean bildu ziren manifestariak. Lurrean hainbat pankarta zabaldu zituzten. Haietako batek, Lurraren Defentsarako Mugimendua erakundearenak, horrela zioen: Ez pakturik ez erreformarik, askatasuna irabazi egin behar dugu. Beste batean hauxe irakur zitekeen: Politikariak salduta. Duintasunarengatik, ez.
Hurrengo pausoak
Batzorde txostengileak: Zuzenketak aurkezteko epea amaituta, testua Batzorde Konstituziogilearen esku geratuko da. Bi batzorde txostengile osatuko dira: Espainiako Kongresuko ordezkariekin bata, eta Kataluniako Legebiltzarrekoekin bestea. Otsailaren erdialdean hasiko dira lanean.
Bi hilabete: Bi hilabeteko epea dute bi batzordeek testu bakarra hitzartzeko. Hala ere, Kataluniako Legebiltzarrak nahi duenean erretira dezake testua. Horretarako, nahikoa du gehiengo soila. Akordiorik lortuko ez balitz ere, Batzorde Konstituziogileko buru Alfonso Guerrak bidal dezake testua Espainiako Kongresura.
Espainiako Kongresua: Hitzartutako testua bozkatuko dute Espainiako Kongresuan. Erabateko gehiengoa behar du aurrera egin ahal izateko.
Espainiako Senatua: Zuzenketak eztabaidatuko dituzte. Ondoren Espainiako Kongresura bidaliko dute berriz. Han hartuko dute azken erabakia. Gehiengo osoa beharko da orduan ere.
Kataluniako Legebiltzarra: Hamar eguneko epea du proposamena onartu edo atzera botako duen erabakitzeko.
Erreferenduma: Herritarrek iritzia plazaratzeko aukera izango dute.