Atzo behin-behinean immunitatea berreskuratu ostean, agerraldia egin dute gaur Carles Puigdemont presidente ohiak eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiek, eta txalotu egin dute Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak atzo hartutako erabakia, ingelesez, katalanez eta gaztelaniaz irakurritako komunikatu batean. Auzitegiak onartutakoa «garrantzitsua» dela azpimarratu dute, eta «bi aurrekari» ezartzen dituela, lehenengo aldia delako Europarlamentuak kendutako immunitatea epaitegietan berreskuratzen dena, batetik, eta erbesteratutako politikarien argudioak «arrazoituak» direla erakusten duelako, bestetik, argudiatu dutenez. «Neurriok ez balira onartu, eskubide politikoak urratuko ziratekeen», adierazi dute.
Horregatik, euren eskubideak defendatzea «Europako Parlamentuaren eskubideak defendatzeko modu onena» dela azaldu dute. Halaber, ganbera horri eskatu diote ez diezaion jarri helegiterik Europako Batasuneko Auzitegi Orokorraren erabakiari. Euren esanetan, gainerako europarlamentarien «baldintza berberak» izango dituzte aurrerantzean eta behin-behineko neurria indarrean den bitartean, baina «anomalia» batekin. Hala deitu diote Espainiari eta hango justiziari, eta azaldu dute gobernuak «sakoneko aldaketak» egin nahi dituela Espainiako epailetzan; hala nola epaileak aldatuz. Espainia Europarentzat «arazo» bihurtu dela nabarmendu dute, eta Europak hori ezin duela «ahaztu». Kazetarien galderei erantzunez, Espainiako Justiziaren eta Europakoaren irizpide desberdinez hitz egin du: «Ez sinestekoa da gorenak Europako Justiziaren ebazpenei entzungor egitea. Europak ezin du jarraitu arazo hori ezkutatzen Hungaria, Polonia eta Eslovenia herrialdeak jopuntuan dituen bitartean».
Alde horretatik, Puigdemontek eskatu dio Europako Batasunari behartu dezala Espainia erabakia errespetatzera, eta ez diezaiola men egin Espainiako Auzitegi Goreneko doktrinari: «Europako instituzioen betebeharra da arauak hausten dituen bere kide bat ohartaraztea. Horregatik diogu arazo hau Europaren arazoa dela».
Eurodiputatu moduan EBren barruan mugitzeko eskubidea berreskuratu dute hiru politikariek, baina, hala ere, ezingo dute Espainiarako muga zeharkatu, euren aurkako atxilotze agindua emana baitu Espainiako Auzitegi Gorenak. Horregatik, Ponsatik argitu du ez dutela horretarako asmorik: «Espainiara sartu? Jazarpen politikoaren mehatxua ez da gutxitu Espainia barruan, eta Europako Batasunaren lana da Europaren ebazpenak betearaztea».