Katalunia

Puigdemontek elkarrizketarako deia egin du espetxetik irten orduko

75.000 euroko bermea jarrita atera da, eta, irten eta berehala, eskerrak eman dizkie babesa azaldu dien guztiei. Elkarrizketarako deia egin du. Ikusmin handia egon da espetxe atarian, eta han ziren JxCko eta ERCko hainbat diputatu ere.

Puigdemont, gaur, espetxetik ateratzen. JONAS WALZBERG, EFE
2018ko apirilaren 6a
09:54
Entzun

Espetxetik atera orduko, Espainiaren jarrera salatu du Carles Puigdemontek. Azpimarratu du Kataluniako auzia ez dela Espainiaren "barne kontua", eta beste aldera ez begiratzeko eskatu du. "Europarentzat lotsagarria da preso politikoak edukitzea", esan du, eta preso dauden gainerako politikariak aske uzteko exijitu du. Hitza hartu duen guztietan egin bezala, elkarrizketarako deia egin du gaur ere: "Elkarrizketaren garaia iritsi da; Espainiako agintariek ez dute aitzakiarik elkarrizketari bizkarra emateko".

Gaur atera da giltzapetik Puigdemont, 13:55ean. Atzo eman zuen erabakia epaileak. Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak baztertu egin du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak egotzitako matxinada delitua, eta ez dio ihes egiteko arriskurik sumatu. Beraz, behin-behinean, Kataluniako presidente ohia aske gelditu da gaur, 75.000 euroko bermea jarrita.

Hainbat lagun joan dira hara Kataluniatik, eta preso politikoak askatzeko eskatzen zuten oihuak entzun dira Puigdemontek eta haren abokatuak hitz egiten zuten bitartean. Presidente ohiak adierazpen labur bat egin du, eta alemanez egin ditu lehen hitzak.

Auzitegiak Puigdemont aske uztea argudiatuz kaleratutako oharrak dio "onartezina" litzatekeela matxinada delitua egoztea —horren kartzela zigorra 25 urtekoa da Espainian—, baina kasua aztertzen ari diren hiru epaileei iruditzen zaie diru publikoaren erabilera okerrarena onartua izan litekeela. Gorenak ezarritako euroaginduak, hortaz, indarrean jarraitzen du. Prozesu juridikoak bi hilabete iraun dezake, eta hilabete ere luza liteke, 90 egun arte gehienez.

Auzitegiaren oharrak dioenez, Espainiako Auzitegi Gorenak Puigdemonti inputatzen dizkion delituak ez lirateke "zigorgarriak" izango, "Alemanian indarrean dagoen legedia kontuan hartuta". Areago joan dira epaileak, eta arrazoitu ezin diotela aplikatu goi traizioa, gertakarietan ez baitute sumatu biolentzia arrastorik. Fiskaltzak joan den asteartean proposatu zuen Puigdemont kartzelan mantentzea, eta argudiatu ihes egiteko arriskua zela horretarako motiboetako bat. Halakorik ez dagoela dio epaimahaiak, eta, beraz, Puigdemont libre utziko du. 75.000 euroak biltzeko lanean hasi zen atzo defentsa, eta atzo bertan ordaindu zuten, ANCk Twitter bidez jakinarazi zuenez.

Espainiako Auzitegi Gorenarentzat kolpe gogorra izan da, Puigdemonti ez ezik gainerako kontseilariei ere matxinada egozten baitie, eta horregatik baititu giltzapean bederatzi lagun: Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Jordi Cuixart ANCkoa, Oriol Junqueras presidenteorde ohia, Carme Forcadell legebiltzarreko lehendakari ohia, eta Joaquim Form, Raul Romeva, Jordi Turull, Josep Rull eta Dollors Bassa kontseilari ohiak.Eta emana du Europan dauden hainbat politikari atxilotzeko agindua ere.

Alemaniako epaileen erabakia jakin eta segidan iritsi zen Belgikatik albistea: Antoni Comin, Meritxell Serret eta Lluis Puig kontseilari ohiek epailearen aurrean deklaratu zuten atzo, eta aske uzteko agindu zuen epaileak. Belgikak ere euroagindua jaso du, baina erabaki du hiru auzipetuek ez dutela ihes egiteko arriskurik, eta libre uzteko agindu du, euroagindua aztertu bitartean. Ez die behin-behineko neurririk jarri, eta bermerik ere ez die eskatu.

Inbestidura aurreko bilera sorta

Auzitegietako mugimendu horiek gertatu aurretik, atzo indarra hartu zuen, berriro, Jordi Sanchez presidentegai aurkezteko aukerak. Puigdemontek berak adierazi zuen, aske utziko zutela jakin aurretik, Sanchez dela hautagai egokiena. Bestalde, Jordi Turullek espetxetik jakinarazi zuen uko egin diola hautagai aurkezteari. Eta, azkenik, Sanchezek berak adierazi zuen prest zegoela presidentegai izateko. NBEk Sanchezen alde emandako ebazpenean ikusi dute guztiek horretarako argudio indartsuena.

Gaur, Roger Torrent hasi da inbestidura aurretik hautagairik badagoen edo ez galdetzeko legebiltzarreko taldeekin egin beharreko bilera sorta egiten. Telefonoz ari zaie deitzen bozeramaileei.

Nolanahi ere, Carles Riera CUPeko bozeramaileak gaurko prentsaurrekoan jakinarazi du ez dutela babestuko Sanchez. Ez dutela haren kontrako ezer, baina hautagaia Puigdemont dela. "Puigdemont ez den edozein hautagai Espainiako Estatuaren nahietara moldatzea litzateke". Aurreikusi du "eremu internazionalean" konponduko dela Kataluniako gatazka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.