Puigdemontek "historiako hauteskunderik garrantzitsuenetan" bozkatzera deitu du

Junts per Catalunyaren hautagaitza aurkezteko ekitaldia egin dute Belgikako Oostkamp hirian. Puigdemontek nabarmendu du hauteskundeek argituko dutela kataluniarrek 155aren ezarpena onartzen duten ala ez.

Carles Puigdemont, gaur, Oostkampen Belgika), Junts per Catalunyaren hautagaitzaren aurkezpenean. OLIVIER HOSLET, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko azaroaren 25a
09:06
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente eta Junts per Catalunyako hautagaiarekin batera, ekitaldian parte hartu dute Bruselan babes hartuta dauden Kataluniako Gobernuko kontseilariek eta Belgikara bidaiatu duten hainbat hautagaik.

Puigdemontek abenduaren 21ean botoa ematera deitu ditu herritarrak, Kataluniaren "historiako hauteskunderik garrantzitsuenak" direla iritzita. "Gure historia ez dute beste batzuek idatzi behar", adierazi du. Puigdemonten arabera, hurrengo hauteskundeek argituko dute herritarrek 155. artikuluaren ezarpena onartzen duten ala ez. Espainiako Gobernuak artikulu hori "zilegitasunik gabe eta legez kanpo" aplikatu duela salatu du.

Junts per Catalunyak osatu duen zerrenda —PDECat alderdiko kideez gain, Jordi Sanchez ANCko presidente ohia eta beste hainbat indepedente ere hartzen dituena— alderdi interesetatik harago doala azpimarratu du Puigdemontek. "Kataluniaren militanteak izan behar dugu. Kontua ez da alderdien artekoa, kontua Kataluniari buruzkoa da". Haren esanetan, Junts per Catalunyaren zerrenda da independentisten arteko zerrenda bateratu baten antz handiena duena.

Bestalde, hauteskundeen emaitza onartuko al duten argitzeko galdegin die Puigdemontek Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari.

Puigdemont txalo artean eta "presidente" oihuekin hartu dute ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.