Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteari erantzun dio gaur Carles Puigdemont JxCren zerrendaburu eta presidentegaiak. Saenz de Santamariak atzo ziurtatu zuen Puigdemonten ibilbide politikoa amaituta dagoela eta ezin dela presidente izendatua izan. "Zehazki zein legek esaten du hautatutako diputatu bat ezin dela presidente izendatua izan?", erantzun dio Puigdemontek. Haren esanetan, Kataluniako Parlamentuak babes handiena lortzen duen hautagaia izango da Generalitateko buru, edozein dela ere. JxCren eta ERCren babesa ziurtatuta, Puigdemontek lortuko du boto gehien.
"Argi dugu herritarrek zer bozkatu zuten", adierazi du Puigdemontek. Haren arabera, kataluniarrek "gobernu zilegia leheneratzea" eta "155.a amaitzea" galdegin dute, eta bera presidente izendatzea da eskari hori betetzeko modua. Espainiako Gobernuari abenduaren 21eko emaitza onartzea dagokio, haren esanetan. Kataluniako Gobernuaren "duintasuna eta zilegitasuna" defendatzeko beharra nabarmendu du.
Hautagaiak ziurtatu duenez, JxC eta ERC ez dira aztertzen ari bera izendatzea ez den bestelako aukerarik. "Ez dago B planik".
Espainiako Gobernuak, ohartarazia duen moduan, Puigdemont presidente izendatzearen aurka egin eta 155a ezartzen jarraitzea erabakiko balu legedia urratzen arituko litzatekeela adierazi du Puigdemontek. Egoera horrek "zailtasun handiak" eragingo lizkioke Madrili, presdientegaiaren hitzetan. Puigdemontek defendatu du diputatu gisa dituen eskubideengatik hautatua izateko zilegitasun osoa duela.
Puigdemonten esanetan, bera presidente izendatzea da prozesu subiranista garatzen jarraitzeko aukera bakarra. "Zaila egiten da errepublika garatzeko 155.a onartu behar dela pentsatzea; hauteskundeen emaitza da onartu beharrekoa".
Puigdemontek ez du argitu, baina, izendapena nola egitea aurreikusten duten JxCk eta ERCk, kontuan izanik bera Bruselan dela eta Kataluniara itzuliz gero Espainiak atxilotu egin dezakeela. Hala ere, ziurtatu du JxCk eta ERCk proposatuko duten izendapen formulak parlamentuaren araudia errespetatuko duela. "Araudiak espresuki debekatzen ez badu, egin daiteke". Ildo horretan, gaineratu du letratuen ohartarazpena iritzia dela, eta Parlamentuko Mahaiak duela gai horien gainean erabakitzeko ardura. Iazko irailean parlamentuaren araudia moldatu zenean ere letratuek kontrako iritzia eman zutela gogorarazi du, eta Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo zuela ondoren mahaiaren erabakia.
Puigdemontek inbestidura saioan Bruselatik parte hartuko duela eman du aditzera, baina ez du argitu taldeetako bozeramaileek harekin eztabaidatzeko aukerarik izango duten ala ez.
Presidente izendatzen badute dagoen egoeran gobernatzeko modu egokian izango ote den galdetuta, erantzun du hobea dela Bruselatik gobernatzea kartzelan preso egotea baino. "Zer da hobea: lau diputatu dituen indar batek Madrildik gobernatzea ala 70 dituenak Kataluniatik eta Europatik egitea?". Bruselan garrantzi handiko eginkizuna eta "lan agenda betea" izango lituzkeela gaineratu du. Adierazi duenez, gaur egun, arlo askotan, teknologia berrien laguntzaz garatzen dira proiektu handiak, eta Europaren gobernu eredua jarri du horren adibide.