Goizeko bederatzietan eta Paul Bekaert abokatuarekin batera joan da Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia Bruselako auzitegietara. Joan den astelehenetik, indarrean da haren aurkako euroagindua. Aurreko bi kasuetan ez bezala, sedizioa leporatzen diote oraingoan gobernuburu ohiari.
"Prozesu honek eskatzen dituen pauso guztiak ematen ari da", azaldu du presidente ohiaren bulegoak, komunikatu batean. Belgikako justiziak erabaki beharko du orain Espainiak eskatutako euroagindua onartu edo ez; horri buruzko auzi saioa hilaren 29an egingo dute.
Buruzagi subiranistaren aurkako lehen euroagindua Espainiako Auzitegi Nazionalak aurkeztu zuen duela bi urte, baina Gorenak bertan behera utzi zuen kasua haren eskuetara pasatu zenean. Bigarrena izan zen, Kataluniako presidente kargugabetua Alemaniara joan zenean; kasu horretan, Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak ebatzi zuen «onartezina» litzatekeela matxinadagatik Espainiaratzea, hori soilik diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik egin zitekeelako.
Oraingoan, Belgikako auzitegiek Puigdemontek Espainiaratzea onartuko balute, Kataluniako presidente kargugabetuak aukera luke helegite bat aurkezteko apelazio auzitegi batean; horrek ere baiezkoa emango balu, pauso bera eman lezake kasazio auzitegi batean. Hortaz, kasuak hainbat hilabete iraun lezake.
Oraingoz, hala ere, hura ez atxilotzea erabaki du Bruselak, eta bermerik gabe aske utzi du, betiere, inora joateko asmoa balu jakinarazteko baldintzarekin.