Espainiako Estatuak Kataluniako presidentearen inbestidurari ezarri dizkion mugak gainditu nahian, helduleku bat ikusi dute JxCk, ERCk eta CUPek: joan den ostiralean NBEk Espainiako Estatuari bidali zion eskaria. Eskari horretan NBEk Espainiari galdegin dio "beharrezko neurri guztiak" har ditzala Jordi Sanchez JxCko diputatu ohi eta presidentegai ohiaren eskubiden politikoak bermatzeko, "[Eskubide Zibil eta Demokratikoen Nazioarteko] Hitzarmenaren 25. artikuluari jarraikiz".
Neurri hori kautelazko erabaki gisa ezar dezala eskatu dio NBEk Espainiari. Izan ere, Sanchezek Espainia salatu zuen NBEn bere hautagaitza defendatzeko aukera ukatu ziolako Espainiako Justiziak, eta salaketa hori aztertzen ari da orain nazioarteko erakundea.
NBEk Espainiari egin dion eskari bera egin nahi diote JxCk, ERCk eta CUPek Kataluniako Parlamentuari; Sanchezen kasuan ez ezik, baita Puigdemonten eta Turullen eskubide politikoei dagokienez ere. Ikusteko dago parlamentuak eskubide horiek bermatzeko —inbestidura eskubidea barne— zein neurri hartuko dituen. Urruneko inbestidura ahalbidetzea izan daiteke neurri horietako bat. JxCk proposamen bat aurkeztu zuen hautagai bat telematikoki inbestitzeko aukera parlamentuaren araudian jasotzeko. Proposamen hori tramiterako onartu zuen parlamentuko mahaiak joan den ostiralean.
Auzitegi Konstituzionalak urruneko inbestidura legez kontrako joko duela ohartarazia du aurretik, eta litekeena da Kataluniako Parlamentuak JxCren proposamena onartuz gero Espainiako Justiziak mahaiko kideen aurka egitea. Talde independentistek NBEren eskaria erabil dezakete, ordea, Konstituzionalaren kontrako argudio gisa.
Puigdemonten atxiloketaren ostean, presidente kargugabetua inbestitzearen aldeko ahotsa indartu egin da.