Mallorcan (Herrialde Katalanak), Tramuntana mendilerroaren magalean dago Puigpunyent, Palma hiriburutik 16 kilometrora. Inguruko auzoak batuta, ez da 1.700 biztanlera iristen. Zaborraren kudeaketan ezarritako ereduari esker, tratamenduan %80 aurreztera, urtean 600 tona erreusa sortzetik 200 tonara gutxitzea eta nekazaritzan erabiltzeko konposta izatera pasa da. Erreusa %70 gutxitu du.
Udalaren ekimenez, herritar talde batek sei hilabetean zehar astean behin bilduz diseinatu zuen prozesu osoa. Gainerako auzoei informazio kanpaina zabal baten bidez eman zieten sistemaren berri. Zabor organikoa Udalak banatutako arto almidoiz eginiko poltsetan jaso eta etxe atarian edukiontzi txikietan uzten dute jasotzeko, astean hirutan. Gainerako frakzioek ere badute bilketa egun zehatz bat. Kaleetan ez dago edukiontzirik, ez bada premiazko gunean edo giltzez itxitako etxola batean.
Bilketa egiteko, Udalak bere langileak ditu, bereizketa ongi eginda dagoen zorrotz kontrolatzen dutenak. Isunak ere badaude arauak hausten dituzten herritarrentzat.
Konpostatze planta berriki jarri dute martxan, eta frogak egiten ari dira orain. Kollvic euskal enpresak eginiko lau makina daude plantan; zortzi orduro hamar minutuz besterik ez daude martxan, eta oso argindar gutxi kontsumitzen dute -makinako 0,2 euro egunean-. Zaborra biltzeko kamioitik materia organikoa ontzi luze batera bota behar da lehenik. Zinta mekanikoan organikoak ez diren gaiak kendu eta zerrautsa botako zaio, nahasketa xehagailu batetik igarotzeko ondoren. Hodi batzuetatik makinetara pasako da nahasketa; erabiltzaileak nahi bezala banatzeko aukera du, kopuruak kontrolatuz. Aste batzuk beharko dira konposta egiteko. Udal ordezkarien arabera, arazo bakarra izango dute orduan: herritarrek eskatzen dutena bezainbeste konpost ez izatea banatzeko. Izan ere, analisien arabera, konpost mailarik onena lortu dute, bilketa zorrotzari esker.
Udalaren ustez, emaitzak ez dira alderdi politiko edo gobernu talde baten arrakasta, herritarrena baizik. Emaitzarik onena, dena den, herritarren artean lortutako kontzientziazio maila dela argi du.
Puigpunyent, erreferentzia berdea
Prozesua lehen urratsetik azkenera arte kudeatuta, emaitza eredugarriak lortu ditu Mallorcako udalerriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu