Gerra Ukrainan

Putinek esan du negoziatzeko prest dagoela

Errusiako presidenteak elkarrizketak blokeatzea egotzi dio Ukrainari. Kievek erantzun dio egiazki ez duela hitz egiteko asmorik: «Erantzukizuna hartzea saihestu nahian ari da».

Vladimir Putin Errusiako presidentea, joan den osteguneko bilkura batean, Tulan (Errusia). EFE
ander perez zala
2022ko abenduaren 26a
12:17
Entzun

Errusiak eta Ukrainak Eguberri egunean bake negoziazioez adierazitakoak kontuan harturik, argi geratu da oraindik asko falta dela biak mahai beraren inguruan berriz esertzeko, eta are gehiago adostasun batera heltzeko. Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo esan zuen negoziatzeko prest dagoela, eta, aldi berean, Kievi leporatu zion elkarrizketa horiek blokeatzen aritzea; Ukrainako Gobernuak berehala erantzun zion, eta, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliaken bitartez, adierazi zuen Putinek ez duela hitz egiteko asmorik. Horren ordez, Podoliaken arabera, Errusiako presidentearen egiazko asmoa zera da: «Erantzukizuna hartzea saihestu nahian ari da».

Putin, negoziazioez aritzerakoan, «irtenbide onargarriez» aritu zen atzo, horiek zeintzuk diren zehaztu gabe; orain arte, besteak beste, aipatu izan du Ukrainak Krimearen, Donetsken, Luhansken, Khersonen eta Zaporizhiaren anexioak aitortzea, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedatzea geldiaraztea Europa ekialdean. Hain justu, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, hilabeteotan Errusiako estatuburuarekin gehien mintzatu diren agintarietako batek, eskari horietako batzuk zerrendatu zituen hilabete hasieran TF1 telebista katean egin zioten elkarrizketa batean.

Dena den, Ukrainak behin eta berriz esan du ez dela negoziazio mahaian eseriko Errusiak bere lurraldetik tropak ateratzen ez dituen bitartean, eta jarrera hori berretsi zuen Podoliakek atzo: «Putinek errealitatera itzuli behar du. Errusiak Ukrainari eraso egin zion, eta herritarrak hiltzen ari da».

Errusiako presidenteak, ordea, uste du justifikatuta dagoela otsailaren 24an abiaturiko inbasioa, Mendebaldeak Errusia «zatitu» nahi duelako, eta atzo ere bloke horri egotzi zion gatazka hasi izana, Euromaidan mugimenduaren (2013-2014) bitartez Viktor Janukovitx errusiazalea Ukrainako agintetik botatzea sustatzeagatik —herrialde horretako parlamentuak kargugabetu zuen, 2014ko otsailean—.

Putinen adierazpen sorta horrek agerian utzi du ez dagoela negoziazioetarako ia tarterik, eta Errusiako presidentea bera horretaz jakitun dagoela. Agian horregatik, agintariak erreferentzia egin zion atzo gerra fronteari, eta esan zuen AEB Ameriketako Estatu Batuek Ukrainari Patriot misilak bidaliko dizkiotela; Mendebaldeko aliatuek azken hilabeteetan Kievi emandako armarik sofistikatuena da, eta, horien bidez, Errusiak jaurtitako misil balistikoak atzeman eta erorarazi ahal izango dituzte, baita gehienez 160 kilometrora dauden helburuak jo ere. Errusiako agintariak berriz ere garrantzia kendu zion gertakari horri, argudiatuta «zaharrak» direla.

Horrekin lotuta, Bielorrusiako Defentsa Ministerioak atzo jakinarazi zuen Errusiak herrialde horretan ezarritako Iskander misil taktikoak eta S-400 aireko defentsa sistemak «prest» daudela «beren jardunerako». Eta, albiste horren aurretik, Moskuk esan zuen herrialdeko armadak zenbait eraso egin zituela Ukrainaren kontra: hamar bonbardaketa Kharkiv eskualdean, eta beste hogei Zaporizhian —Ukrainako armadak azken hori baieztatu zuen—, esaterako.

Gainera, Errusiako Defentsa Ministerioak gaur jakinarazi du Ukrainaren drone batek hego-mendebaldeko Saratov eskualdeko (Errusia) aerodromo bat bonbardatu duela, eta gutxienez hiru lagun hil direla. Kievek erasoa baieztatu du, eta esan du inbasioaren «ondorio bat» dela.

NBEren Segurtasun Kontseilua

Diplomaziari dagokionez, Ukrainak erasokor jarraitzen du, eta herrialde horretako Atzerri ministro Dmitro Kulebak gaur azaldu du NBE Nazio Batuen Erakundeari «formalki» eskatuko diotela Errusia erakunde horretako Segurtasun Kontseilutik kanporatzeko. «Gure galdera oso sinplea da: Errusiak ba al du eskubiderik NBEren Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor bat izateko eta, oro har, NBEn egoteko?», esan du Kulebak afera horretaz.

NBEren Segurtasun Kontseilua hamabost herrialdek osatzen dute, eta horietatik bost kide iraunkorrak dira —beto eskubidea dute—: AEBak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina. Hori bai, erakundearen araudiak ez du jasotzen Ukrainako Atzerri ministroak galdera horretan hizpidera ekarritakoak gauzatzeko modurik.

Aldiz, herrialde bat kanpoan uzteko, horren alde agertu beharko lirateke Batzar Nagusiko estatu kideen bi heren, eta, gero, erabaki hori berretsi beharko luke Segurtasun Kontseiluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.