Quebec sortu zela 400 urte

Samuel de Champlain geografo frantziarrak Quebec hiria sortu zuela lau mende bete dira, eta data gogoangarri hori gogorarazteko, ekitaldiz beteriko urtean agintariek parte hartu dute hiriburuan.

2008ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Historialarien arabera, 1608ko uztailaren 3an, goizeko hamaiketan, Quebeceko lurra zapaldu zuen Samuel de Champlain geografo frantziarrak, eta Quebec hiria sortu zuen. Lau mende geroago, ordu berean, data gogoangarria oroitu zuten atzo elizetako kanpai hotsek eta Quebec eta Kanadako erakundeetako gomuta doinuek. Indiarrek kebek (itsasartea) dioten tokian piztu zuen Champlainek Atlantikoaz bestaldeko Frantziaren kolonialismoaren sugarra izan beharko zuena, Saint Laurence ibaiaren inguruan, Frantzia Berriaren iturburua. Urte osoan barreiatuko dira ospakizun doinuak, baina atzokoa izan zen ekitaldi nagusia. Quebec hiria «inoiz baino ederrago» dagoela esan zuen Regis Labeaume alkateak.

Champlainen aurretik Jacques Cartier esploratzailea izan zen 1534.urtean Saint Laurence ibarreko lurrak Frantziarentzat hartu zituenak. Bi mende geroago, 1763an, Erresuma Batuak mendean hartu zituen Frantziako koloniak, eta Quebec Parisen agintetik aldendu zen geroztik. Quebeceko itunaren bitartez, 1774. urtean Londresek aitortu zituen frantziarren eskubideak, hizkuntza mintzatzeko askeak izan zitezen, eta baita sinesmen katolikoetan ere. Quebec lurraldea Kanadaren zati bilakatu zen, 1867an.

Aro garaikidean, frantses hiztunen bazterketa ekonomikoa jazo zen 1960ko erreformak iritsiarte. Hain justu, orduan sortu zen mugimendu subiranista Iraultza Lasaian errotuta. Frantsesa ingelesarekin batera hizkuntza ofiziala aitortu zuten, 1968an, Kanadan. Gero, 1976an, PQ Alderdi Quebectarrak-independendistak- irabazi zituen Quebeceko bozak, eta hizkuntza ofizial bakarra frantsesa izendatu zuen han Rene Levesque lehen ministroak.

Lurraldea estatu bilakatzeko, lehen erreferenduma egin zuten 1980an, eta herritarren %59,44k ezezkoa bozkatu zuten. «Hurrengoa arte», esan zuen Levesquek. Hamabost urte geroago, 1995eko ekainaren 12an, PQ Alderdi Quebectarrak, BQ Bloke Quebectarrak eta ADQ Quebeceko Ekintza Demokratikoak bigarren erreferendumera deitu zuten, eta hori ere galdu zuten. Ezezkoa 54.197 botogatik gailendu zen. Quebeceko Bozen Zuzendaritzak ebatzi zuen 56.000 lagunek legez kanpo bozkatu zutela.

Kanadaren barruko nazioa

Kanadako Legebiltzarrak 2006ko azaroaren 27an gehiengo zabalaz onartu zuen Kanada batuaren barruan Quebecek nazioa osatzen duela. Lurraldea Kanadako egitura federalean mantentzeko urratsa zen Otawarentzat. Hala ere, abertzaleen ustez, Quebeceko hiritartasuna sortzea ezinbestekoa da Ipar Ameriketako testuinguruan, estatuari atxikitako ezaugarria, alegia. Quebecen kultura frantsesa ziurtatzeko independentzia politikoari funtsezkoa iritzi diote. Dena den, PLQ Quebeceko Alderdi Liberalak irabazi zituen iazko bozak-federalistek-, eta hirugarren erreferenduma egiteko aukera aldendu. Abertzaleak eta federalistak boterean txandakatu dira urteotan.

Stephen Harper Kanadako lehen ministroak ospakizunak politikoki «bere egin» nahi dituela deitoratu dute abertzaleek. «Quebecen sorrera Kanadako estatuarena ere bada», adierazi du Harperrek. Kanadako jai nazionalean-141 urte bete zituen asteartean estatuak- esan zuen Champlain Kanadako lehen agintaria izan zela. Giro horretan, eta Frantziako buruzagien parte-hartze handiarekin-François Fillon lehen ministroa tartean- egin dituzte ospakizunak Quebec hirian. Kolonialismoaren aurkakoek mila soldaduren desfilea salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.