Katalunia

Quebeceko eredutik Kataluniarako zenbait lezio atera daitezke, Sanchezen iritziz

Espainiako presidenteak ziurtatu du legediaren bideetatik irtenbide politikoak lor daitezkeela. "Herrialde bakoitzak bere bidea bilatu behar du gatazka politikoak konpontzeko", adierazi du.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Justin Trudeau Canadako lehen ministroa, atzo, Montrealen, bien arteko bileraren ondorengo prentsa agerraldian. BALLESTEROS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko irailaren 24a
13:42
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako presidentea Kanadan izan da bisita ofizialean. Justin Trudeau herrialdeko lehen ministroarekin bildu zen, atzo, Montrealen, eta, bileraren osteko prentsa agerraldian, Quebeceko eta Kataluniako auziak alderagarriak al diren galdetu zieten kazetariek gobernuburuei. Quebecen bi galdeketa egin dira herritarrek lurraldearen independentzia nahi duten ala ez erabaki dezaten. Bi galdeketetan ezezkoak irabazi du. Sanchezen esanetan, Quebeceko auzia baliagarria izan daiteke Kataluniako egoerari nola heldu aztertzeko.

Espainiako presidentearen iritziz, Quebeceko egoera politikotik atera daitekeen lezioa da posible dela irtenbideak aurkitzea elkarrizketatik eta legezko bideetatik. "Herrialde bakoitzak bere bidea bilatu behar du gatazka politikoak konpontzeko", gaineratu du.

Hala ere, Sanchezek nabarmendu du Katalunian beste bat dutela orain lehentasuna. "Elkarbizitza bermatzea" da, haren esanetan, garrantzitsuena orain. "Katalunian, zoritxarrez, hauteskunde ugari eta bi galdeketa egin dira hamarkada bat baino gehiagoko tartean, eta bitxiena da beti izan dela emaitza bera. Independentismoak ez du gehiengo sozialaren babesa". Sanchezen arabera, Katalunian autogobernua areagotzearen aldekoa da gizartearen gehiengoa, eta adierazi du Espainiako Gobernuak nahi horri erantzuteko "proposamen politikoa" landu duela.

Trudeauk ez du gaiari buruz mintzatu nahi izan, Espainiako Gobernuarentzat "barne auzi sentibera" dela iritzita. Hala ere, adierazi du ziur dela Madrilek eta herritarrek giza eskubideak eta adierazpen askatasuna errespetatuko dituztela.

Presoak

Azken egunetan zeresana eman dute Espainiako Gobernuko hainbat kidek preso diren Kataluniako buruzagi independentistei buruz egindako adierazpenek. Espainiako Gobernuak Kanadan duen ordezkari Teresa Cunillera indultua ematearen alde agertu da, baldin eta Auzitegi Gorenak buruzagi independentistak zigortzen baditu, eta auzipetuek indultua eskatzen badute.

Carmen Calvo Espainiako presidente ordeak, berriz, adierazi du buruzagi independentisten kontrako epaiketa "asko" atzeratuz gero ez dela presoak "luzaroan" espetxean edukitzearen aldekoa. "Arrazoizkoa dirudi beste egoera batean egon ahal izatea". Baldintza horietan, "bestelako neurriak" hartzearen alde mintzatu da Calvo.

Sanchezek baztertu egin du "hipotesiak" aztertzea, baina gaineratu du Espainiako Gobernuaren ez duela auzia arlo judizialera bideratu nahi, eta "politika berreskuratzea" duela lehentasun. Espainiako presidenteak zuzendu egin ditu Cunilleraren hitzak. Sanchezek adierazi duenez, Cunillerak Katalunian izan den "enpatia falta" nabarmendu du.

Oriol Junqueras buruzagi independentista espetxeratuak Sanchezi erantzun dio, gaur, La Vanguardia egunkariak argitaratu duen elkarrizketan. Junquerasek eskertu egin dio Espainiako presidenteari politika egitearen aldeko jarrera, baina ohartarazi dio ezinezkoa izango dela Generalitatearen eta Madrilen arteko harremanak normalizatzea "preso politikoak diren artean".

Cunillerak indultuaren aukera aipatu eta berehala, PPk eta Ciudadanosek Espainiako Gobernuaren ordezkariaren adierazpenak gaitzetsi zituzten. Espainiako Gobernuari leporatu diote alderdi independentistekin "ezkutuko akordioak" izatea. PPk indultuaren aukera eragozteko proposamen bat aurkeztuko zuela iragarri zuen, joan den larunbatean, eta gaur erregistratuko du proposamen hori Espainiako Kongresuan. Sedizio delituarengatik kondenatutakoei indultua emateko aukera kentzea proposatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.