Bezperan Libanoko mugan Al-Qusseir hiria galdu ostean, Siriako matxinoak Quneitra hiria eta Israelerako pasabidea hartzen saiatu ziren atzo, Golango gainetan. Goizean, hala hiria nola mugako pasabidea matxinoen esku zeudela jakinarazi zuten Siriako Armada Askeko Buruzagitza Gorenak eta Giza Eskubideen Siriako Behatokiak. Austriako Defentsa Ministerioak ere —380 kasko urdin dituzte Golango gainetan— berretsi zuen matxinoek Quneitrako pasabidea kontrolpean zutela. Arratsalderako, baina, borrokek jarraitu arren Golango gainetan, Baxar al-Assaden indarrek Quneitra eta mugako pasabidea berreskuratu zituztela jakinarazi zuen Sana berri agentziak. Austriak baieztatu zuen kontrola Siriako armadak zuela berriro.
Matxinoen erasoaldiaren ondoren, NBEren babespean Golango gainetan dituen kasko urdinak erretiratzea erabaki du Austriako Gobernuak. Aurrez, Kanada, Japonia eta Kroaziak ere erretiratu dituzte kasko urdinak Siriako eremu horretatik. Indiako eta Filipinetako soldaduak baizik ez dira geratzen orain, eta Manila ere tropak erretiratzekotan da.
Israelek Siriako muga inguruko segurtasuna indartzea erabaki du, Quneitran matxinoen saioak porrot egin ostean. Oposizioko borrokalari batzuk, zaurituta, Golanen Israelek okupatuta daukan eremura pasa ziren atzo.
Homsen, bestalde, Jalediya auzoa berreskuratu zuen atzo Siriako armadak, eta jakinarazi zuen bezperan Al-Qusseirren «1.200 terrorista» hil zituztela, Al-Nursa Fronteari lotuak.
Al-Zawahiriren deia
«Siriako jihadistei» dei egin die Aiman al-Zawahiri Al-Qaedako buruzagiak, «eztabaida sektarioen gainetik» elkar hartu eta Al-Assaden gobernua garaitzeko. Interneten 22 minutuko bideo bat zabaldu du, eta, Al-Assad garaitzeaz gain, AEBek Sirian «Israelen segurtasuna bermatuko lukeen gobernu leial bat eratzea» ere eragotzi behar dela nabarmendu du Al-Zawahirik. Siria estatu islamiar bihurtu eta xaria ezartzera dei egin du Al-Qaedako buruak.
Quneitra hiria eta Israelerako pasabidea berreskuratu ditu Siriako armadak
Mugako segurtasuna indartu du Tel Avivek, eta Austriak erretiratu egin ditu kasko urdinak Golango gainetatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu